DSCN3648.JPG

Zapatuan ere eman ahal izango da izena hitz gurutzatuen lehiaketan.

Euskararen Egunarekin lotuta, hainbat ekitaldi izango dira bihar, abenduak 1, eta datorren astelehenean. Bihar goizean, 11:30ean, Hitz Gurutzatuen lehiaketa izango da Munibe plazan. Oinarrietan jasotzen denaren arabera, jokoa hiztegi eta guzti egin ahal izango da eta Euskara batzordetik jakinarazi dute gurutzegrama errazak izango direla eta jendea parte hartzera animatu nahi luketela. Helburu horrekin, izena emateko epea zabaldu egin dute eta zapatu goizean bertan goizeko 11tarako Munibera joanda ere izena eman ahal izango da.

Zapatu arratsaldean, berriz, era guztietako jolasak izango dira San Martin plazan arratsaldeko 5etan hasita eta egunari amaiera emateko, 7etan, kantu-jira izango da plazatik abiatuta.

Euskararen Egunean, abenduaren 3an, kirola eta euskara lotzen dituen bi esperientzia interesgarri aurkeztuko dira Pleno Aretoan, 19:00etan. Alde batetik, Igor Arenazak eta Erik Vadillok Aretxabaletako Kirol elkartean hasi eta orain bailarako beste herrietara zabaltzen ari den proiektu bat aurkeztuko dute: ESKUA proiektua, kirola errespetuarekin, euskararekin, ingurumenarekin... lotzen duena. Bestetik, Bergarako Udaleko teknikariek Agorrosingo ikastaroen hizkuntza kudeaketa aurkeztuko dute

Programa osoa

Abenduak 1 zapatua.

  • 11:30etan: Hitz gurutzatuen binakako lehiaketak. Muniben eta San Martin plazan. Bi kategoria: gazteak eta nagusiak. Oinarriak, informazio zehatzagoa eta izena emateko orria hemen. Izena emateko azkeneko eguna abenduaren 28a.
  • 17:00etan: Jolasak San Martin Plazan. Lehenagoko eta oraingo jolasak: toka, tortolosak, zapi-jokoa, aulki-jokoa, kanikak, papiroflexia... ordenagailuko eta mugikorretako jokoak... Amaieran txokolatada denentzat.
  • 19:00etan: Kantu-jira, San Martin plazan abiatuta, herriko kaleetan zehar.

Egun honetan, gainera, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dugu manifestazioa antolatu du.

“Euskaraz bizi nahi dut” ekimenarekin bat egiteko deia.

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dugu manifestazioa antolatu du abenduaren 1erako, euskaraz bizitzeko nahia adierazteko eta eskubide hori errespetatzea eskatzeko.

Hori dela eta, Bergarako Udalak bat egin nahi du Kontseiluaren ekimen horrekin eta herritarrak animatu nahi ditu, alde batetik, azaroaren 26tik abenduaren 3ra bitartean lelo hori daraman zapia (Jardun Euskara Elkartean lor daitekeena) balkoietan jartzera, bestetik, manifestazioan bertan parte hartzera eta, azkenik, www.euskarazbizinahidut.org webgunean aldarrikapenari atxikimendua ematera.


DSCN3648.JPG