Bergarako Udalak HAKOBA,EAEko Hizkuntza Politika gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordearen proposamenari jarraituz euskaldun berriei aitormena eginez ospatuko du Euskararen Nazioarteko Eguna. HAKOBA Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Ogasun eta Finantza Sailak, HABEk, EUDELEek, EAEko 3 aldundiek, EAEko hiriburuek, UEMAk eta IVAPek osatzen dute, eta aurtengorako euskal administrazio desberdinei egun hori euskaldun berriei errekonozimendua eginez ospatzeko deia egin die.

Dei horri jarraiki, Bergarako Udalak Irizar Jauregiko azkenengo gela Euskaldun Berria izendatu du, eta hemendik aurrera izendapen hori izango du; gure herrian euskaraz aritzeko hautua egin eta euskara ikasi duten edota ikasten ari diren guzti horiei egiten duten ahaleginaren errekonozimendua gisa.

Baina ekintza sinboliko horretaz gain, Jardun Euskara Elkartearekin elkarlanean beste hainbat ekintza ere antolatu dira datozen egunotarako. Hala, azaroaren 28an, larunbatean, 17:00etatik 20:00ak arte Gauargi taldearekin DJ Saioa (Amaia Txintxurreta eta Asier Castrorekin) izango da Seminarioko karpan, eta “Larre zaharretan,” Jardunen 25. urteurreneko abestiaren flashmoba ere egingo da.

Euskararen Nazioarteko Egunerako, berriz, abenduaren 3rako, 19:00etatik aurrera ‘Pintxo baten bueltan’ ekitaldia antolatu da. Kafe-tertulien estiloari jarraituz, herrian zenbait esparrutan abian diren euskararen aldeko esperientziak ezagutzeko eta horien inguruan berriketa lasaian jarduteko aukera izango da, kafearekin izan beharrean pintxoz lagunduta, ordea.

Bertan parte hartuaz espientziak konpartituko dituzten dinamikak honakoak izango dira:

  •  Enpresetako euskara planak: Matz-Erreka eta Soraluce
  • Epaitegia: “Euskara emaileak” egitasmoa, Bergarako epaitegiko esperientzia.
  • Kirolak: Bergara Kirol Elkartea, bereziki, futbola.
  • Merkataritza: Idazlaguna programa, dendetako hizkuntza paisaia euskalduntzeko.

Tertulia horren helburua da herrian euskalgintzan dabiltzan pertsonak elkar ezagutzea, ideia berri eta elkarlanerako aukeren sorleku izatea eta esperientzia positibo horiei guztiei merezi duten aitorpena egitea.

 

Departamento: