Lehen aldiz Laboratorium museoan Natur Zientzien arloko zientzia programen inguruko topaketa bat ospatuko da datorren ostiralean, arratsaldeko 19:00etan. Saioaren helburua da Laboratorium museoaren laguntzaz herritarren zientzia programak eskualdean garatzeko aukerak aztertzen hastea. Topaketa hauetan landuko den esparrua natur zientziena izango da.

Horretarako, batetik, programa hauek zer diren azalduko da (modalitateak, gertuko esperientziak, etab) eta, bestetik, interesa daukaten herritarren iritzia jasoko da, etorkizunerako urratsak definitzeko ezinbestekoa baita.

Bi publikori zuzendutako topaketa da. Bai formazio akademiko zientifikorik izan gabe, zientzia zaletasuna duten herritarrei zuzenduta dago eta baita Natur Zientzien arloan formazio akademikoa daukaten herritarrei ere.

 

Zer dira herritarren zientzia programak?

Labur esanda, herritarren eta zientzialarien arteko lankidetza programak dira, jarduera zientifikoa egiteko. Herritarren ekarpena era desberdinetakoa zian daiteke: datuen bilketa sistematikoa, datuen azterketa, teknologia lagapena, teknologia berrien ezarpenean froga lana, zabalkundea etab. Herritarren parte hartzea boluntarioa izaten da; ezagutza berria eta trebetasun berriak lortzea, gustuko jardueran aritzea eta gizartearentzat onurak bilatzea dira parte hartzaileek bilatzen dutena.

Zientzia eta gizartea batzen dituzten programak formatu desberdinekoak izan daitezke: zientzialari profesionalek proposatutakoak, beraien ikerketa lerroa garatzeko herritarren laguntza eskatzen dutenak; herritar talde batek proposatutakoak, arduratzen dituen gai jakin bati aurre egiteko informazio zientifikoa biltzeko, zientzialari baten laguntzaz garatzen direnak; administrazio publikoek proposatutakoak…  Ezaugarri ezinbestekoak dira gizarte onurak bilatzea, parte hartze boluntarioa eta metodo zientifikoa oinarri izatea.

Zertarako dira?

Publiko orokorra jarduera zientifikoetan aritzeko; zientziaren arlo desberdinetan aukerak irekitzeko publiko orokorrari;, kultura zientifiko berri bat sortzeko; ezagutza berria eta trebetasun berriak lortzeko; gustuko jardueran aritzeko; gizartearentzat onurak bilatzeko; eta ikerketa zein ezagutza zientifikoaren esparrua irekiagoa eta demokratikoagoa izateko.

Zein esparrutan garatzen dira?

Herritarren zientzia programak arlo zientifiko desberdinetan garatzen dira: astronomia, medikuntza, biologia, teknologia berrien garapena, ingurumen zientziak, etab.

 

Departamento: