Aurten 50 urte betetzen dira “Urretxindorrak” Bergarako talde mitikoak, beraien lehen kantaldia egin zuenetik. Euskara eta euskal kulturaren alde egindako lan guztia eskertzeko, “Urretxindorren lagunak” taldeak omenaldia antolatu du uztailerako. "Oztopoak oztopo, euskal kultura eta folklorearen loraldi sasoi hartan, Raul Calvok, Julio Unamunok, Gotzon Bikuña eta Juan Mari Narvaezek osatzen zuten taldeak paper garrantzitsua bete zuen; Frankismo garaiko zentsura beltzenari aurre eginaz, euskeraz abestu zuen lehen taldea izan zen eta euren doinu eta letra asko, gaurdaino iritsiz, euskaldunon fonotekan kantu kuttunenetarikoak izatera ailegau dira. Eta ahazteko ez ditugulako eta euren sorterriak merezi duten omenaldia eman diezaion, ”Urretxindorren lagunak” izenarekin osatu dugun taldeak, hainbat ekitaldi antolatu ditugu uztailaren 7, 8 eta 9rako", agertu dute antolatzaileek.

Elena Lete alkateak adierazi duenez, Bergarako Udalak bat egiten du omenaldiarekin, izan ere, aukera paregabea ikusten du taldeak egindako lana eskertzeko; "Lan asko egin zuten eta merezita errekonozimendua da. Gainera, memoria historikoa lantzeko aukera ere eskaintzeko digu, herriari eta gazteei epe bateko historia kontatzeko baliogarria izango da", azaldu du.

EGITARAUA

  • Omenaldiko ekintzak uztailaren 7an hasiko dira pintxo potearekin; tabernetan mural eta argazki batzuk jarriko dituzte euren historia eta memoria gogoratzeko.
  • Uztailaren 8an kantu-jira egingo da, San Martin plazatik hasi eta Irala kalean bukatuz. Bertan, nahi duten guztiek Urretxindorren kantuak jotzeko eta abesteko aukera izango dute.
  • uztailaren 9an omenaldi nagusia izango da Udal pilotalekuan, 19:30ean. Bertan herriko hainbat kantari taldek parte hartuko dute, baita dantzari taldeak ere eta eurak ere kantuan entzuteko aukera izango da. Ondoren, afari herrikoia egingo dute Seminarioko karpan. Honako hauek hartuko dute parte jaialdian: Urretxindorrak, Bergarako Bertso Eskola, Koru Parrokiala, San Joxepe Abesbatza, Bergarako Orfeoia, Aritzeta Abesbatza, Alai Taldea, Bergarako Musika Eskola, Musiraka Dantza Taldea, Eneko Galdos eta Manex Alberdik Edu Muruamendiarazek egindako koreografia bat dantzatuko dute, Camden town eta Ikastola Aranzadiren umeen Koru bat.


Omenaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko Kutxako edota Pikupeko webguneetan eta Pikupeko bulegoan ere erosi ahal izango dira datorren astetik aurrera, 5 euroren truke. Afarirako txartelak, aldiz, datorren astetik aurrera eskuratu ahal izango dira Pol-Pol tabernan, 15 eurotan. "Ekitaldi guztiak herrikoiak izango dira, herritarren partaidetza izateko. Horregatik, dei egiten diegu herritarrei parte hartzeko", amaitu dute.

 

Departamento: