Laboratorium museoak, Mendia Bizirik Pol-POl M.T.taldearekin batera, saguzarrak ezagutzeko irteera antolatu du ostiralerako, ekainak 8. Familia guztiarentzat zuzendutako "Saguzar gaua" ekimena Errekalde jauregian hasiko da 21:00etan eta 2 orduko iraupena izango duela aurreikusten da. Arduradunek agertu dutenez, Euskal Herrian 25 bat saguzar espezie desberdin bizi dela adituek baino ez dute jakiten. Gaueko bizimodua izanik, ugaztun hauek oso ezezagunak dira publiko orokorrarentzat. Jarduera honekin Bergara inguruko saguzarrak ezagutzen hasteko aukera izango dugu. Jarduerak bi zati ditu:

  • Lehendabizi adituen eskutik hainbat azalpen emango dira museoan: saguzarrak zer dira eta nolakoak; zenbat saguzar espezie bizi da inguru hauetan; non bizi dira; Nola ikertzen dira, nolako tresneriarekin… Saguzarrak ultrasoinuen detektoreen bidez ikertzen dira sarritan eta tresneria berezi hori ezagutzeko aukera izango da museoan.
  • Ondoren, tresneria hori probatzeko aukera ere izango dugu, Bergaran saguzarrak behatzeko ibilalditxo bat eginez eta saguzar espezie desberdinak detektatuz.

Irteeran parte hartzea dohainik den arren, aurrez izena ematea komeni da. Horretarako, Laboratorium museoara joan, laboratorium@bergara.eus helbidera idatzi edota 943 76 90 03 telefono zenbakira deitu beharko da.

Departamento: