Bergarako natura-guneak balioan jarri. Hori du helburu nagusitzat igandean ospatuko den Natura Egunak. Ohiko zuhaitz landaketaz gain, egitaraua beste jarduera batzuekin osatu du Udalak, ingurune naturalean gozatzeko dauzkagun aukerak aprobetxatzeko eta erakusteko asmoz. Honela, 2017ko Natura Eguna Gorlan (Iturriberriko kantina inguruan) ospatuko da eta Pagolako basoaren garrantzia gogoratuko da.

Natura Eguna antolatzeko Pol-Pol Mendizale Taldea, Mendia Bizirik eta Lokatza Z.E. elkarteen laguntza izan du Udalak eta hona hemen, elkarlanean osatu den egitaraua:

 

Zuhaitz landaketa:

Landaketaren helburua da lursail horretan berezkoa (baso potentziala) den Pagadi azidofiloa berreskuratzea. Helburua pagadia berreskuratzea izanik, landatuko diren zuhaitz gehienak pagoak izango dira baina horiekin batera urkiak eta haginak ere landatuko ditugu. Landaketa honekin, Pagola-Loidiko pagadi baliotsua osatzen jarraitzea lortuko luke Bergarak.

Haurrentzako jolasak.

4-10 urte arteko haurrentzat basoari lotutako jolasak egongo dira: “Basoko sokatira” eta “Zuhaitz-txapak”. Ingurumen hezitzaileak jarriko ditu udalak, jarduera hauek gidatzeko. Jolas hauen helburuak dira zuhaitzek eta basoak bizitzarako duten garrantzia gogoratzea eta ondo pasatzea.

Hamarretakoa:

Ohikoa den bezala, natura sustatzeko jardueratan parte hartzen duten haur eta gazteendako hamarretakoa eskainiko du Udalak.

Gorlara joan etorria:

Igotzeko lehen aukera oinezkoa da, Pol-Pol Mendizale taldeak antolatu duen irteeran parte hartuaz. Herritar guztiek har dezakete parte oinezko igoeran. Irteera goizeko 9:00etan izango da, Udal Pilotaleku Parean (Fraiskozuri plaza).

Bestalde, udalak autobusa ere jarriko du. Lehen bidaian lehentasuna izango dute lehen hezkuntzako haurrek eta hauen gurasoek. Autobusean igotzeko 10:00etan bus geltokian egotea komeni da. Burdinaten ere hartu ahal izango da, 10:10ean, lekua baldin badago. Bigarren bidai bat ere egingo du autobusak, 10:30ean autobus geltokitik (Burdinaten ere hartu ahal izango da, 10:40ean).

Itzulera oinez zein autobusean egin dateke. Bueltako autobusaren ordutegia: 13:30ean (Gorlako kantina parean). Bueltarako lehen autobusean ere lehentasuna izango dute lehen hezkuntzako haurrek eta hauen gurasoek.


 

Departamento: