Jaiotza: 
1 915
Heriotza: 
1 969

Bergaran jaio zen 1915ean. 15 urterekin hasi zen margotzen, Eustakio Agirreolearen estudioan. Pradoko Museoan erakusgai zeuden lanen kopiak egiten zituen, eta Valentin Zubiaurrek Madrilen zuen estudiora askotan joaten zen. Bergarara itzulitakoan, Migel Zumalaberen bizipenak eta Zuloagak eman zizkion animoak lagungarriak izan ziren Arrietarentzat. Mallorcara bidali zuten soldadutza egitera, eta Palman Arte Ederretako Zirkuluak antolatutako Udaberriko Lehen Erakusketako ohorezko aipamena lortu zuen. Bergarara itzuli zenean, Gipuzkoako Artista Berrien XII. Sariketako lehen saria lortu zuen, Hernandez, Antonio Valverde, Emperador, Etxandi eta beste hainbatekin lehian.

1945an, Bilboko Eskulangintza Galerian bere 24 mihise jarri zituzten erakusgai. Gehienak erretratuak ziren, eta kritikariek maisulantzat jo zituzten. Carlos Riberak hitz hauek esan zituen 1946an Donostiako Udal Aretoetan egindako erakusketari buruz: Bergarako pintorea balio handiko artista dugu; irizpide sendoak eta teknika aditua darabiltza. Baina badu are ezaugarri garrantzitsuago bat: nortasun izugarri berezia, eztia baina peto-petoa.

Parisera joan zen, baina berehala itzuli zen Bergarara. Erakusketetan parte hartzen jarraitu zuen eta 1948ko maiatzean, 4 koadro aurkeztu zituen Gipuzkoako Artisten 5. Bienalean, Zuloaga, Apellaniz, Basiano, Martiarena, Olasagasti, Ribera eta beste zenbait artistarekin batera.

1950eko irailean Madrilera joan zen bizitzera, eta urte eta erdian 150 koadro egin zituen, gehienak erretratuak. Arte Ederretako Zirkuluko Minerva aretoak ateak zabaldu zizkion 1952ko maiatzaren 1ean, eta erakusgai jarritako 30 koadroek miresmen handia sortu zuten. Kritikari batek honakoa esan zuen: Arrietak pintatzea zer den, ongi pintatzea zer den irakatsi digu Minerva aretoko erakusketan, eta erabateko arrakasta lortu du.

1953an jaioterrira itzuli zen. Hortaz, aukera izan zuen bere lana eta “Bergarako eskola” sendotzeko. Donostian eta Bilbon erakusketak egiten jarraitu zuen, arrakasta handiz gainera. 1967an Arrietari buruzko mahai-ingurua antolatu zuten Bilbon “Asociación Cultural Hispano Norteamericana” kultur elkartean, eta Euskal Herri osoko artistek hartu zuten parte. Hura izan zen Arrietaren azken agerraldia.

1969ko otsailaren 15ean hil zen. Herriak miresmen handia erakutsi zion Arrieta artistari eta begirune handia Arrieta gizonari. Arrietaren pinturak bizi-biziak eta oso gardenak ziren, Arrieta bera bezalakoxeak, eta beti egongo dira bergararren bihotzean. Simonen meriturik handiena, pinturarako iaiotasunaz gain, zaletasun hori besteengan ere piztea izan zen, herriko gazte askori ireki baitzizkien bere estudioko ateak.