Jaiotza: 
1 908
Heriotza: 
1 997

Jose Maria Bergaran jaio zen, 1908ko irailaren 10ean. Aita udal-bandako zuzendaria zuen, eta 5 urte zituela berarekin hasi zen musika ikasten. 8 urterekin bandan sartu zen flautina jotzeko. Flauta-jole ospetsua izatera iritsi zen, eta Bergaran ez ezik, besteak beste Donostian, Bilbon eta Iruñean ere txundituta utzi zituen entzuleak. Santa Marina parrokiako organo-jolea izan zen aitaren ondoren. Harmonia eta konposizioa Luis Urteagarekin ikasi zituen, eta banda eta orkestrako instrumentazioa Lamutte de Grignun-ekin. 1929an, Zumaiko Udal Bandako zuzendari-postua lortu zuen oposaketa bidez, eta 1931n kargu bera eskuratu zuen Hernanin. Bigarren herri horretan parrokiako organo-jole ere izendatu zuten.

1935ean Donostiako Orfeoiak antolatutako Euskal Lanen Lehiaketa irabazi zuen "Gabon gabean errundari" lanarengatik. Donostiako Orfeoiak berak estreinatu zituen haren "Misa en Fa", "Miserere" eta "Christus factus est". Urte hartan bertan, "Suite vasca en Sol" eta "Etzai-larre"poema sinfonikoa estreinatu zituen, Donostiako Orkestra Sinfonikoa zuzenduta. 1943an, "La novia del mar"zartzuela estreinatu zuen Madrilen, eta geroago, "La Virgen de Piedra" komedia lirikoa. 1944an, Gasteizko Udal Bandako zuzendari eta Jesus Guridi kontserbatorioko irakasle izendatu zuten.

Donostiara joan zen bizitzera, eta 1958an, Easo Abesbatzako zuzendaritza onartu zuen. Arrakasta handiak lortu zituen koru horrekin, bai estatuan, bai atzerrian. 1960an, lehen eta bigarren sariak irabazi zituen Arezzu-ko (Italiako) txapelketan. Donostian lan ugari estreinatu zituen, besteak beste:

  • Prokofiev-en "Alexander Newski".
  • Strawinsky-ren "Oedipus Rex".
  • Petrassi-ren "Coro di morti".
  • Koru eta orkestrarako "Misererea".

Easo Abesbatzak eta Lisboako Orkestra Sinfonikoak Strawinsky-ren "Oedipus Rex" lana interpretatu zuten elkarrekin, Strawinsky beraren zuzendaritzapean.

Halaber,1974an,"Iñigo de Loyola" kantata estreinatu zuen Bergaran. Bergarako Orfeoiak eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak interpretatu zuten, Gonzalez Bastida zuzendari zutela. Bergarako Orfeoiak eta Donostiako Kontserbatoriokoak elkarrekin emandako hainbat kantaldi zuzendu zituen. Azken urteotan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa "Eztei Larre" kondaira euskalduna jotzen aritu da. Sari ugari eman dizkiote abesbatza edo txistu-bandetarako konposizio-txapelketetan. Musikan izan duen ibilbide luze eta apartarengatik, Isabel Katolikoaren Zaldun Ordenaren Gurutzea, Irun hiriko Urrezko Domina eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteko Urrezko Domina eskuratu ditu.

Jose Maria Gonzalez Bastida Donostian hil zen, 1997ko irailaren 27an, 89 urte zituela.

 

 

Biografia: Jose Luis Ansorena Miranda.