Jaiotza: 
1 866
Heriotza: 
1 958

Bergaran jaio zen, 1866ko irailaren 29an. Kanta-ikasketak egin zituen. Behin, San Martzialetako erromerian zegoela, osaba Pedrok Iruñeko egunkari bat ekarri zion: Iruñeko katedraleko tenore-posturako oposaketak egingo zirela jakinarazten zuten. Remigio tenore bikaina zen, eta 22 urterekin (1888an) Iruñera joan zen oposaketak egitera. Aho batez aukeratu zuten posturako. Apala eta atsegina zenez, berehala egin zen ezaguna, eta denek estimatzen zuten. "Casino Principal"en kantatu zuen. Orfeoitxo bat ere sortu zuen Calderería kaleko Langileentzako Igande Eskolan kantatzeko. Zuzendaritzarako aparteko dohainak zituela ikusita, 1891n Iruñeko orfeoiko zuzendari izendatu zuten. Buru-belarri jardun zuen kargu horretan, eta hurrengo urtean Bilboko orfeoi-lehiaketako lehen hiru sari irabazi zituen.

Iruñeko orfeoia 1892an sortu zuten, eta bere ibilbidea, hasiera-hasieratik, ez-ohikoa izan zen garai hartarako. Espainian entzun gabe zeuden lanak estreinatu zituzten, adibidez, Beethoven-en "Misa Solemnis" eta J.S. Bach-en "Misa en Si". Mujikaren taldea arrakastaz arrakasta ibili zen. 54 urtez izan zen Iruñeko orfeoiko zuzendaria (1892-1946), eta adinarengatik utzi zuen kargua. Zuzendaritza utzi baino lau urte lehenago, Urrezko Ezteiak ospatu zituen orfeoikoekin batera, eta kontzertu paregabeak eman zituzten Madrilen, Iruñean eta beste hiriburu batzuetan.


Bere lanak kritika oso onak jaso zituen

1927an, Iruñeko Orfeoiak "Requiem aleman" kantatu zuen Madrilen, On Remigio Mujikaren zuzendaritzapean. Prentsan izugarrizko meritua eman zioten kontzertuari, eta biziki azpimarratu zuten "Mujikak antolatzeko duen gaitasun aparta. Harritzekoa da gizon batek horrenbeste dohain izatea, eta bere batutaren bidez orfeoi osoa zuzentzen duena musikaria baino zerbait gehiago dela pentsatu behar dugu. Zuzendari lasaia eta musikari trebea da. Baina aipatu ditugun adibideen arabera, beste ezaugarri bat ere badu: bertakoa izatea. Koru-elkarteen antolamendua konplexua da, pazientziaz eramatekoa, eta zuzendariak sorterriaren, sustraiez lotuta dagoen herriaren espirituaren ordezkaria balitz bezala hartzen du korua. Bada, Muxika Maisuaren Orfeoia pozik egoteko moduan dago bere zuzendariarekin, eta baita Remigio Muxika orfeoiko musikari bikainekin ere. Hain zoragarri kantatzeko gai den orfeoia indar handiko entitatea da, ezbairik gabe." Eta honela bukatzen da iruzkina: Sekulako txaloaldiak jo zizkieten Requiem aleman-en hiru ekitaldietan. Horrek asko esaten du Iruñeko Orfeoiaren alde, baina are gehiago txaloak egin zituzten entzuleen alde.

On Remigioren soloak apartak ei ziren, ahots paregabea, ederra eta malgua zuelako. Nota altuak ezin hobeto ematen zituen, eta oso modu ona zuen kantatzeko. Gayarre-ren hilotzaren aurrean, Diputazioan, solo hunkigarriak kantatu zituen. Zirrara sortu zuen, halaber, besteak beste Ricardo Villa-ren "Super Flumina" eta "Escenas montañesas" lanetan kantatutako soloekin. Bi lan horiek 1908an estreinatu zituzten Pablo Sarasatek antolatzen eta ordaintzen zituen San Ferminetako saioetan.

Aipa ditzagun gure kantariak eskuratutako izendapen batzuk: Bergarako eta Iruñeko Seme Kuttuna, Isabel Katolikoaren Zalduna, Karlos III.aren Espainiar Ordena Txit Agurgarriko Zalduna, Alfontso XII.aren Ordenako Zalduna eta Alfontso XII.aren Ordenako Komendadore Arrunta.