Jaiotza: 
1 804
Heriotza: 
1 880

1804an Bergaran jaioa. Medikua eta zirujaua. Katedraduna Madrilen eta Medikuntza Akademiako kidea, bai eta elkarte horretako lehendakaria hainbat alditan. San Carlosko Kirurgia eta Klinika Medikuntzako katedran jardun zuen urte luzetan, ebakuntza zail eta arriskutsu ugari eginez. 1840an, Portugal, Frantzia, Ingalaterra, Belgika, Holanda, Prusia eta Badengo dukerriko eskoletan izan ondoren, "Memoria sobre el plan de estudios, la organización y el personal de las escuelas médicas extranjeras con aplicación a la de San Carlos" txosten bikaina argitaratu zuen. Bidaia hartan oso azterketa sakona egin zuen. Antza, abiatu aurretik Santiago, Lisboa, Cadiz, Sevilla, Valentzia eta Bartzelonako ikastetxeetan egon zen Espainiako irakaskuntza zertan zen ikusi eta, Pirinioak zeharkatu aurretik, bere herriaren egoera zehatz-mehatz ezagutzeko. Frantzian, berriz, Montpellier, Nimes, Toulon, Marseilla, Lyon, Bordele, Estrasburgo eta Parisen izan zen; Ingalaterran, Londresen; Belgikan, Anberes, Brusela eta Ganten; Holandan, Utrecht eta Amsterdamen; eta Alemanian, Bonn eta Heidelbergen.

1845ean gorteetako diputatu izendatu zuten, eta zeregin politikoekin batera bere lanbideari zegozkion eginkizunetan jarraitu zuen, Anatomiako katedradun eta Erresumako Osasun Kontseiluko kide zela. Anatomiako irakasle eta zuzendari zen aldetik, "Novísimo manual de Anatomía general y descriptiva" idatzi zuen, eta bere kirurgia-teknikarekin egindako bagina eta gernubideko ektopiari buruzko ikerlana frantsesera itzuli zuten. Minbiziak jota zegoen gaixo bati umetokia, bagina eta maskuriaren zati bat nola erauzi zizkion azaltzen zuen memoria aurkeztu eta irakurri zuen Medikuntzako Errege Akademian eta Espainian egindako lehen Medikuntza Biltzarrean (1864) biriketako tuberkulosiari buruzko azterketa.

Ohorezko sari ugari eman zizkioten erakunde akademikoek:

  • Gaztela Berriko Medikuntza eta Kirurgia Akademiak (1837),
  • Lisboako Medikuntza Elkarteak (1839),
  • Mexikoko Medikuntza Akademiak (1840).

1837tik aurrera Madrilgo Medikuntza Akademiako osoko kide izan zen, bai eta elkarte horretako lehendakaria ere. 1840an Madrilgo Natur Zientzien Akademiako kide izendatu zuten. Baina Sanchez Tocaren lorpenik handiena, bai alor akademikoan bai bere lanbidean, 1842an eskuratu zuen, errege-etxeko zirujau izendatu baitzuten. Kargu horretan Isabel II.a erreginari lagundu zion hainbat alditan, eta erreginak ganberako mediku izendatu eta "Tocako markes" titulua eman zion. Errege-ganberako zirujaua izatearen ondorioz beste zenbait sari jaso zituen: Karlos III.aren Ordenako Komendadore titulua eta Isabel Katolikoaren Gurutze Handia, adibidez. Frantziako gobernuak, azkenik, Ohorezko Legioaren Ordena Inperialeko Ofizial titulua eman zion.

1880ko uztailaren 4an hil zen. Bere azken borondateari jarraiki, Bergarara ekarri zuten eta hemengo hilerriko familiaren hilobi ederrean lurperatu zuten.