San Martzialeko kalteak.jpg

Azken aspaldian San Martzial Parkean kalteak izan dira eta Agorrosingo igerilekuetan, berriz, hondaketak eta zikinkeria handia.

San Martzialen kalteak

Azken aspaldian hainbat erabiltzaile ezezagunek San Martzial eta bertako inguruetan egindako hondaketak ikusita, Udalak herriko ondare eta instalakuntzak errespetuz tratatzeko eskaera luzatzen die herritarrei.

San Martzialeko inguruak parke bezala katalogatuta daudela gogorarazi nahi die Bergarako Udalak herritarrei eta, hala diren heinean, bertako arauak errespetatu egin behar direla. Izan ere, parke honetan mahaiak eta aulkiak jartzeko zuloak eta lautadak egin direla antzeman dute udal langileek, hori arauen aurka doan arren.

Horregatik, inguru eta instalakuntza hauek guztion ondarea direla eta, errespetuz tratatzeko eskaera egin du Jesus Elortza alkateak. Horrez gain, Udalak jakinarazi du norbanako edo taldeak horrelakorik egiten antzemanez gero, egoki irizten dizkion neurriak hartuko direla hauen aurka.

Agorrosinen kalteak eta zikinkeria

Agorrosingo igerilekuak ere kaltetu dira azken egunotan. Duela gutxi jarritako hesia apurtuta agertu da eta berdegunea hondakinez beteta. Udalak zerbitzu on bat eman nahi du, baina horretrako erabiltzaile guztien laguntza beharrezkoa da instalakuntzak zaintzeko.

Horrez gain, udal-langileenganako errespetua erakustea eta berauen lana erraztea ere garrantzitsua dela deritzo Bergarako Udalak.

Bergarako Udala-ren Facebook-ean argazki gehiago daude ikusgai.