Asfaltatze lanok azaroaren 13an eta 14an egingo direla aurreikusten da.Autobus geltoki batzuk tokiz aldatuko dira egunotan. Horrez gain, Angiozarrera eta Azkarruntzera igotzeko aldaketak izango dira eta zenbait garajetara sarrerak ere itxiko dira ordu batzuez.

Datorren astearte eta asteazkenean, azaroaren 13an eta 14an, Bergarako Ozaeta kalean asfaltatze lanak egingo dira. Ondorioz polikiroldegi aurrean dagoen aparkalekutik Ozaetako zubirainoko gunea trafikoari guztiz moztuko da egun horietan goizeko 08.00etatik arratsaldeko 19.00ak arte.

Lanek dirauten artean aldaketak jasango dituzten zerbitzuak

Autobus geltokiak

Pesako geltokia Mayc ondoko errotondara egingo da (lehen ere beste obra batzuk zirela eta egin zen leku berdinean), Herribuseko geltokia desagertuko da eta Ozaeta eta polikiroldegi arteko ibilbidea bariantetik egingo da, bestalde eskolako garraioa beharren arabera antolatuko da eta eskoletan emango dute honi buruzko informazioa.

Garajeak

Egun eta ordu jakin horietan ezin izango da, larrialdietako kasuak salbuespen, inguruan dauden garajeak eta azaleko aparkalekuak erabili, sarbide eta irteera bakarra Ibarra kaletik egin ahalko da eta.

Azkarruntz eta Angiozar

Azkarruntz eta Angiozarreko auzoetara joateko Agirrebeña zubi ondoko bidea egokituko da, beraz ibilbide guztiak Ibarrako errotondatik (Oxigenos) egin beharko dira.

•Oharra: eguraldiaren arabera aldaketaren bat izan liteke asfaltatze daten plangintzan.