Elbarrituenaparkalekuak.jpg

Elbarrituen mugikortasuna errazteko helburuarekin, gehienez 4 orduz egon ahalko da kotxea aparkatuta aparkalekuan. Horrela, aparkaleku horiek erabiltzeko aukera gehiago emanez.

Azken urte hauetan erabiltzaileen kexak jaso eta aztertu ondoren Bergarako Udalak elbarrituen aparkalekuak arautzen dituen ordenantza berritzeko erabakia hartu zuen, berauen erabiltzaileen eskubideen aurkako erabilpen okerrak egiten zirela ikusirik.

Ordenantza berrian zenbait arau onartu dira, eta horien artean elbarrituen aparkalekuetan aparkatzeko denbora mugatzearena aurkitzen da. Horrela, erabiltzaileei, aparkaleku horiek erabiltzeko aukera gehiago ematea bermatu nahi da, eta elbarrituen mugikortasuna erraztea.

Azken urte hauetan, sarritan ikusi da, zenbait elbarrituentzako aparkalekutan kotxeak egunetan egoten direla aparkatuta, mugitu gabe. Baina hori ez da aparkaleku horien funtzioa, aitzitik, ekintzak burutzeko orduan elbarrituei bere kotxea aparkatzeko erraztasunak emateko daude; eta tokiok elkarrekin konpartituta erabiltzeko.

Hori dela eta, elbarrituen aparkalekuetan pegatinak jarri dira adieraziz gehienez 4 ordu egon daitekeela bertan aparkatuta, goizeko 09.00etatik gaueko 21.00ak bitartean. Gainera, behin aparkaleku batetik irtenda ezin izango da berriro leku berdinean aparkatu hurrengo 4 orduetan. Gauez ez dago denbora mugarik.

Kontrol kanpaina berezia

Bestalde, azaroaren 19tik 30era bitartean Udaltzaingoak kontrol berezia egingo du elbarrituen txartelen erabilera zuzena dela konprobatzeko.

Txartel berezi horiek, pertsona elbarritua ibilgailuan bidaiatu behar denean soilik erabili behar dira, ez beste gainontzeko kasuetan.

Erabilpen ezegokia eginez gero, trafiko isunaz gain, espediente zigortzailea zabaltzea suposa lezake. Horrez gain, erabaki daiteke erabilpen txarreko ekintzagatik isun ekonomikoa jartzea eta txartela kentzea, behin behinekoz zein betirako.

Edozein kasutan, herritarrek, norbait txartelaren erabilpen ezegokia egiten ari dela ikusten badute, Udaltzaingora dei egin dezatela eskatzen da, 943779106 telefono zenbakira, horren berri emateko.


Elbarrituenaparkalekuak.jpg