Bergarako ikastetxeetako haurrek, abestuz, kalejira egingo dute elkarrekin abenduaren 24an. Haurren segurtasunerako eta arazoak ekiditeko, ikastetxeka antolatutako kalejira bateratua prestatu da. Idazki honetan ikastetxeekin adostutako ibilbideak eta parte-hartzaileek jarraituko dituzten gidalerroak zehazten dira.

Gaia: Bergarako haur eta gurasoekin kantuz OLENTZERO BATERATUA.

Eguna: abenduak 24, astelehena.

Ordua: elkartze gunea 11:30 Frontoian.

Abenduaren 24an, ohitura jarraituz, Bergarako ikastetxeetako haurrak kantuan aterako dira gure herriko kaleetan zehar Bergara Gabon giroan murgilduz. Goizean hasita, ikastetxe bakoitzak bere ibilbidetxoa egingo du 11:30ean frontoi aurrean elkartu arte. Hortik aurrera, elkarrekin kantatuz ekingo diote bideari.

San Martin ikastetxeko haurrak Matxiategi kaletik iritsiko dira frontoi aurrekaldera; Mariaren Lagundikoak Bidegurutzeta eta Ibargarai kaleetan barrena ibilbidea eginda; eta Aranzadi ikastolakoak, Irala kalea zeharkatuz, Kruz Gallastegitik Bideberrira agertuta.

Esan bezala, 11:30ean frontoi aurrean egingo dute bat. Bertan, Olentzero eta Mari Domingi izango dituzte zain monolito aurrean eta, haur guztiak elkartutakoan, 3 kantu abestuko dizkiete umeek. Ondoren hiru eskoletako ikasleek kalejiran jarraituko dute elkarrekin honako ibilbidea eginaz: Ibargarai kalea, Herri Lagunak, Domingo Irala, Irizar ibiltokia, Barrenkaletik San Martin plazara.

Kalejiran haur eta guraso askok parte hartuko duenez, antolaketa egokia egiteko asmoarekin, ibilbidean zehar haurrak ikastetxeka banatuta joango dira. Honela, ikasleak beren guraso eta irakasleekin batera joango dira, hauek umeen erreferente izan daitezen. Lehenik Mariaren Lagundiako haurrak joango dira, San Martin ikastetxekoak bigarren eta, azkenik, Aranzadi ikastolako haurrak.

Ibilbidearen ordena zozketaz erabaki da eta urtero txandakatuz egiteko asmoa agertu da.

Kalejira San Martin plazan bukatuko da eta, denak bertan direla, udaletxeko balkoitik Olentzerok eta Mari Domingik Bergarako haurrak agurtuko dituzte.

Oharrak:

Eguna girotzeko asmoz, antolatzaileek parte-hartzaile guztiak baserritarrez janztera gonbidatzen dituzte.

Ekitaldi bukaeran ere arazoak saihesteko eta irteera modu ordenatuan egiteko, haur eta gurasoei aurrez ezarritako bidetik irteteko eskaria egiten zaie, era honetan:

  • Mariaren Lagundia: Munibe plaza aldera irteera.
  • Aranzadi Ikastola: Barrenkale eta Irala aldera irteera.
  • San Martin ikastetxea: gainontzekoak irten arte San Martin plazan zain geldituko dira.

Antolatzaileak: Aranzadi ikastolako guraso elkartea, Mariaren Lagundiako guraso elkartea, San Martin ikastetxeko guraso elkartea eta Bergarako Udala.