Egun honetan bertan, Bergarako Udalak herrira ongietorria emango dio JAkiunderi zeina, maila goreneko erakunde aholkulari gisa, gizartearentzat erreferentziazko foroa izateko helburuz sortu zen.

Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiak ate irekien eguna antolatu du ostegun honetan, abenduak 20, erakunde honek Bergarako Olaso Dorrean ireki berri duen bulegoa bergararrei erakusteko, erakunde honek Bergaran ezarri berri baitu bere egoitza.

Olaso Dorrea Bergarako eraikin esanguratsuenetariko bat da, XVI. mende hasieran eraikia. Kanpoko aldetik itxura ederra mantendu badu ere barneko hainbat elementuk berritzeko beharra zuten. Hori dela eta, Jakiunderen egoitza bertan jartzeko berritze lanak egin dira, tartean, dorrearen estalkiak, azpi-estalkiak eta ganbara konpondu direlarik baita hainbat espazio egokitu ere.

Horrez gain, beheko solairuan alboko sarrera bat atondu da, harrerarako espazio gisara, non bulegoetara eta hitzaldi aretora igotzeko eskailerak eta igogailua kokatzen diren. Guztira, 500.000 euroko inbertsioa egin da Gipuzkoako Kutxak ordaindu dituen berritze eta egokitze lan hauetan.

Bergarara Ongietorria

Egun horretan bertan, Bergarako Udalak ongietorri ofiziala emango dio Jakiunderi. Horregatik Udaletxean hartuko ditu Jesus Elorza alkateak Jakiundeko ordezkariak.

Elkarteak berak adierazi duenez, “hainbat arrazoi” daude Jakiunderen egoitza Bergaran kokatzeko, izan ere “akademia esanguratsuen kokalekua izan da Hiribildua eta 1770. urtean, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorrerarekin, Bergara garaiko zientzi ikerketen eta ikasketen garrantzizko gunea izatera iritsi zen, Elhuyar anaiek bertako laborategietan wolframioa isolatzea lortu zutelarik. Gaur, Erret Mintegiak UNED-Bergara unibertsitatea hartzen du bere gain”.

Programa osoa

18.30tan Udalako Plazan alkateak agurtuko ditu jakitunak eta Udaleko Batzar Aretoan egingo die harrera ofiziala: Alkateak eta Jesus M. Ugaldea Jakiundeko presidenteak hitzaldi bana emango dute.

19.00tan Olaso Dorre aurrean, Aurreskua izango da.

19.15ean Jakiunderen Olaso Dorreko Batzar Aretoan hitzaldiak emango dituzte. Jesus Elorza Bergarako Alkateak, José Luis Elkoro Olaso Fundazioko presidenteak eta Jesus M. Ugalde, Jakiunderen presidenteak.

19.45tan luncha izango da.