Abenduaren 21eko Goienan Bergara garbia plataformak alkatearen ahoan berak esan ez dituen hitzak jarri ditu, hala nola, “behartu egin behar dela jendea gauzak egiteko Frankok egiten zuen erara” edota “atez atekoa aukera bakarra dela nahiz eta ezinduak eta adineko jendea baztertu eta isolamendura kondenatu eta jendea zigortzea eta behartzea dela alternatiba”.

Bergarako gobernu taldearen iritziz onartezina da edozein egoeratan gezurrak esatea, are gehiago, une honetan zeinetan hitz probokatzaile eta iraingarri horiek herritarren arteko konfrontazioa areagotu dezaketen.

Gobernu talde honek onartezina deritzo, baita, modu guztiz demokratikoan hautatutako alkatea horrenbeste urtetan herri honen zapaltzailea izan denarekin konparatzea.

Era berean, onartezina da ezindu nahiz adinduen egoera erabiltzea alkatearen izena zikintzeko.

Bergara garbia plataformari zilegitasun osoa aitortzen diogu derizkion aldarrikapen eta protestak antolatzeko, baina eskatzen diogu egian oinarritzeko eta elkartzen gaituen gaietatik abiatuta erakitzeko, gezur suntsitzaileak erabili beharrean.

Bi aldeen arteko bilerak

Harritu egin gaitu guztiz Bergara garbia plataformako kideak komunikabideetan egindako azken adierazpenen inkoherentziak. Plataforma honetako ordezkariek Alkatearekin izandako lehen elkarrizketa baten ondoren, bileraren sintonia ona eta hainbat puntutan lortutako adostasuna nabarmendu baitzuten. Baina harrezkero bi aldeak berriz elkarrekin bildu gabe egin dituzten azken adierazpen horiek guztiz bestelako inpresioa erakusten dute.

Ondoren, abenduaren 21ean bilera berri bat egin zuten udaletxean Alkateak eta Bergara garbia plataformako aipatutako ordezkari berberek. Bertan Bergara garbia plataformako ordezkariok beraien harridura azaldu zuten Goienkarian publikatutako hitzengatik, komunikabide honen akatsa izan zitekeela argudiatuz. Informazioa kontrastatu ondoren Goienatik jakin dugu testu horren bidaltzailea Bergara garbia izan dela.

Beraz, bileran egondako lau kide horiek ezer ez badakite honi buruz, nork egin eta bidali ditu adierazpen kutsatzaile hauek? Exijitzen diogu Bergara garbia plataformari publikoki hau guztiau argitzea.

Lasaitasun eskaera

Bergarako herritarrei berriz lasaitasun mezua igorri nahi diegu, gure desioa delako beraiekin batera gaikako bilketa sistemarik eraginkorrena eta adostuena diseinatzeko. Horretarako Gabonen ondoren, auzoz auzo bideratuko ditugun bileretan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu; izan ere, guk Bergara garbia helburuarekin bat egiten dugu, baina, horrezaz gain, guk Zubieta garbia, Gipuzkoa garbia, Euskal Herria garbia eta oro har mundu garbiago bat aldarrikatu nahi dugu.