• Bergarako Udalak Espainiako bandera halabeharrez jarri beharko du Bergarako Udaletxeko balkoian.
  • Harekin batera, Bergarako biztanle guztien jatorrizko herrialdeetako banderak ere jarri nahi ditu Udalak.
  • Ikurrinari gorazarre egiteko ekitaldia izango da otsailaren 23an.

Gure inguruko hainbat udalerritan bezala, Bergaran ere Espainiako bandera Udaletxeko balkoian ikusgai jartzeko agindu judiziala jaso du Udalak, 39/1981 Banderen Erabileraren Legearen harira. Horregatik, harekin batera, Bergarako biztanle guztien jatorrizko banderak ere jarriko dira, izan ere, Udaletxea Bergarako herritar guztien “etxea” izanik, jatorriz kanpotarrak diren bergararrek ere beren jaiotza-herrialdeetako bandera ere bertan ikusgai izateko eskubide osoa dutela irizten dio Udal honek.

Horrela bada, gonbidapena luzatzen diegu bergarar guztiei Udaletxeko balkoian beren herrialdeko bandera ikusgarri nahi badute, eskaera egiteko. Eskaria alkatetza@bergara.eus helbidera emaila idatzita, udaleko harreran esanda edota Bergarako Udalaren Facebook eta Twitter sare sozialetako kontuen bitartez jasoko da.

Ikurrinari gorazarre

Era berean, inposaketa salatzeko eta Udal honek bertoko sinbolo bakartzat onartzen duen Ikurrinari gorazarre egiteko, omenaldia antolatu du Bergarako Udalak otsailaren 23rako. Omenaldi honetan, besteak beste, inposaketaren aurkako manifestu bat irakurriko da.

Azkenik, Bergarako Udalak herritarrak animatu nahi ditu sententzia inposatzaile honen aurka beraien jarrera adieraztera eta herriko balkoietan ikurrina (edo beren jatorrizko herrialdeko bandera) ikusgarri jartzera. Ikurrinak herriko hainbat okindegitan eskuratu ahalko dira datozen egunetan.