webmaster-k Og, 2026-07-23 11:20-n bidalia
San Martin plaza berritzeko lanak direla eta, Bergarako Udalak hainbat bilera egin ditu azken asteotan herriko eragileekin eta udaleko sail ezberdinetako langileekin, aurtengo San Martin jaien antolaketa eta kokaguneak aztertzeko. Helburua izan da jaietako jarduera nagusiei jarraipena ematea, betiere segurtasuna, irisgarritasuna eta jai giroa bermatuz.
Azterketa horien ondorioz, aurten jaietako ekitaldi nagusien erreferentziazko gunea Oxirondo izango da, Pentekoste jaietan egin bezala.
Horrela, txosnagunea eta oholtza nagusia Oxirondon kokatuko dira, eta bertan egingo dira orain arte plaza nagusian gauzatzen ziren jarduera gehienak: dantza txapelketa, kontzertuak, erromeriak eta txosnaguneko programazio osoa. Bestalde, feria ere Oxirondo gunean jarriko da.
Salbuespen bakarra Bergarako Udal Musika Bandaren kontzertua izango da, frontoian egitea aurreikusten baita.
Era berean, danborradaren erreferentziazko geldialdia Oxirondon izango da, izan ere, aurten ezingo da San Martin plazan ohiko geldialdirik egin. Une honetan danborradaren ibilbidearen inguruko azken xehetasunak lantzen ari dira antolatzaileak, eta behin zehaztuta emango da horren berri. Dena den, argitu dute Oxirondo izango dela ekitaldi horren topagune nagusia.
Suzko zezena ere Oxirondo gunera lekualdatuko da, eta bertan egingo da ohiko saioa.
Horrez gain, Simon Arrieta pintura lehiaketako sari banaketa ere Oxirondon izango da. Eguraldi txarra egingo balu, sari banaketa azokaren barruan egiteko aukera aurreikusi da.
Udalak eskerrak eman nahi dizkie prozesuan parte hartu duten eragile guztiei egindako ekarpenengatik, eta irail hasieran jaien programazioaren eta xehetasunen inguruko informazio gehiago emango dela jakinarazi du.

