BEART Bergarako Artisten Elkarteak doako bisita gidatuak eskainiko ditu hilero, hileko igande batean. Hurrengo bisita, apirialren 21ean izango da.

Iazko ekainetik Bergarako Hirigune historikoak artez eta kolorez jantzita dirau “Bergarako Hirigune Historikoa Koloretan” proiektu artistikoari esker. Proiektu honen baitan Bergarako hainbat artistaren 75 margo eta eskultura lanek apaintzen dituzte herriaren alde zaharreko hainbat komertzio eta lokalen erakusleihoak.

Orain, BEART Bergarako Artisten Elkartearen eskutik aukera dago Bergako hirigune historikoan zehar bisita berezi bat egiteko, margolan hauek markatutako ibilbidea jarraituta.

Honela, hilero, igande goiz batez, beti ere Bergarako Udal bandaren kontzertuen egutegiarekin bat etorrita BEARTeko ordezkariek gidatutako bisita goizeko 10:30etan abiatuko da San Martin plazatik (Udaletxearen aurreko aldea). Bistan zehar auzolan ekimen honen nondik norakoak, berau osatzen duten artelanen azalpenak eta inguruan aurkitzen diren Bergarako eraikin historikoen berri jasoko dute bisitariek.

Horrekin batera, Aroztegi aretoko erakusketan eta Bergarako Nahikari eta Dixula tabernetan ikusgai dauden margonak ikusteko geldialdiak egingo dira. Baita, zirkuituz kanpo dagoen Hamaika tabernan ere.

Bisitak Udal pilotalekuan bukatuko dira, non Udal Bandaren kontzertuaz gozatzeko aukera izango den.

Bisiten datak: Apirilaren 21ean, Maiatzaren 19an, Ekainaren 23an, Uztailaren 14an, Irailaren 20an, Azaroaren 24an, Abenduaren 21ean ere egingo dira bisitak.

Taldeen planifikazio egokia egiteko, bisita gidatu hauetan parte hartu nahi dutela esanez 628 26 65 97 telefonora deitu beharko dute interesdunek.

“Bergarako Hirigune Historikoa Koloretan” bizirik

“Bergarako Hirigune Historikoa Koloretan” Bergarako Udalak BEART Bergarako Artisten Elkartearekin batera bultzatutako auzolan proiektua da, herriko alde zaharra biziberritu eta apaintzeko.

Bergarako artistek proiektu honetarako propio egin zituzten ikusgai dauden artelanak. Gainera, hauek saltzeko aukera ere badute eta hori gertatuz gero hutsunea artelan berri batekin estaltzeko konpromisoa dute bere gain.

2012ko ekainean inauguratu zen ekimen honen bitartez, artea kalera atera nahi izan zuten Udalak eta BEARTek, baita Bergarako artisten lana erakusgarri jarri ere.