Duela gutxi herritar batek Bergarako gazteen lokal pribatuetan lapurreta ugari egiten ari direla eta herritarrak egoera honen aurrean beldurtuta daudela adierazi du Bergarako Udalaren Twitter profilarekin kontaktuan jarrita, baita egoera honen aurrean justiziak ez duela neurri egokirik hartzen ere. Adierazpenok kontuan hartuta, eta tartean dagoen gaia larria dela ikusita, Bergarako Udaltzaingoak zenbait kudeaketa burutu ditu gaia hobeto ezagutzeko eta hainbat gomendio ere plazaratu ditu

Bergarako Udaltzaingoak adierazi duenez udaltzainek ez dute azken aspaldian horrelako lapurreten inguruko salaketarik jaso eta Ertzaintzak, bere aldetik, salaketa bakarra jaso duela jakin du. Hala ere, Ertzaintzak Bergarako Udaltzaingoari adierazi dionez, horrelako kasuak ugaritzen ari omen dira Gipuzkoa osoan.

Horiek horrela, Bergarako Udaltzaingoak hainbat gomendio luzatu ditu horrelako kasuak salatzeko jarraitu beharreko prozeduraz:

  • Lapurretaren bat izan den kasuetan salaketak era formalean jarri behar dira, dagokion prozedura jarraituta. Honela soilik ekin baitaioke kasuak era ofizialean aztertzeari.
  • Lapurreten egilearen nortasunaren zantzuak dauden kasuetan, salaketa era formalean jarri behar da ustezko arduraduna epailean aurrera eraman ahal izateko.
  • Lapurreten egileen nortasuna ezaguna denean, salaketa era ofizialean jarri behar da, herritarrek norbere aldetik ustezko egileen aurka ekin gabe.

Horrez gain, gazteen lokaletan segurtasun neurriak kontuan hartzeko hainbat gomendio luzatu dituzte udaltzainek:

  • Zerraiak, ateak eta leihoak ongi itxi.
  • Lokaletara zein pertsona gonbidatzen den zaindu.
  • Lokaletan dagoen ekipamenduaren berri nori ematen zaion, eta non eta nola, kontuan izan.