Bergaran atzerriko hizkuntzak ikasten ari direnei beraien ikaskuntza prozesua errazteko beste tresna bat eskaintzeko helburuarekin hizkuntza taldeak jarriko ditu abian Udalak.

Honela, hizkuntzak ikasten ari direnek hauek praktikatzeko aukera izango dute, astean behin, ordubetez. Taldeak gehienez 7 lagunez eta gutxienez 4 lagunez osatuta egongo dira eta berauetan sartzeko ez da mailaketa probarik egingo, hasiera batean izena ematen duen edozeinek parte hartzeko aukera izango du (hizkuntza maila edozein delarik).

Hizkuntza taldeen funtzionamendua

Hizkuntza taldeetan parte hartu nahi dutenek zein hizkuntza praktikatu nahi duten eta zein ordutegi eta egun interesatzen zaizkien adierazi beharko dute, horiek elkarrekin adosteko.

Taldeak autonomoak izango dira, beraz, ez da irakaslerik egongo akatsak zuzentzeko ezta mintzapraktika bideratzeko ere.

Taldeen aurkezpen bilera Irizar jauregian izango da ekainaren 10ean 18:30ean. Taldekideek elkar ezagutuko dute eta gero beraiek erabakiko dute non elkartu nahi duten (taberna batean, kalean…).

Taldeak astero arduradun bat izendatuko du, hurrengo asterako eztabaidarako gai bat hautatu eta taldekideei aurkezteko (egunkariko albiste bat, gai orokor bat…). Honela arduradun horrek gai horrekin lotutako hiztegi espezifikoa, esamoldeak… landuko ditu taldekideei aurkezpena egin ahal izateko.

Izena emateko

Izena ematea maiatzaren 27tik ekainaren 5era izango da Kultur Etxean edo 943779160 telefonora deituta. Talde hauek martxan egongo dira ekainean eta uztailean. Hilabete bi hauetan, dagoen eskaeraren berri izan eta egitasmoaren hasierako zabalpena egin ahal izango da. Baita, opor sasoirako atzerriko hizkuntza praktikatzeko ere.

Irailean izen emate epe berri bat irekiko da ikasturte osorako mintza taldeekin.