Sin título-1.jpg

Bergarako ikastetxe guztietako 1.000 ikasle baino gehiagok hartu dute parte Eskolako Agenda 21 heziketa-programan, herriko egoera aztertu eta udal ordezkariei hobekuntzak proposatuz. Maiatzaren 29an egin zen ikasleen eta udal ordezkarien arteko bilera.

Eskolako Agenda 21 programaren baitan, ikasturte bakoitzean garapen iraunkorrarekin loturiko gai baten azterketa egiten da. Bukatzear dagoen 2012-2013 ikasturte honetan hondakinen diagnostikoa landu da Debagoieneko ikastetxeetan.

Egungo egoera aztertu ondoren, herrian aurkitu dituzten arazoak konpontzeko proposamenak luzatu dizkiete udal ordezkariei. Maiatzaren 29an ospaturiko udalbatzarrean ikasleek egindako proposamen bakoitzari erantzuna eman zaio, eta Udalak etorkizunera begira dituen proiektuak azaldu ditu.

Ikasleek udalari plateatutako konpromisoak

Bergarako ikasleek herriko egoera hobetzearen alde hartzen dituzten konpromisoak aurkeztu dizkiete udal ordezkariei, besteak beste:

  • hondakinak gaika sailkatu,
  • bildukin gehiegi dituzten produktuak saihestu,
  • arraina eta haragia erosteko orduan tupperra erabili edo konposta egiteko kanpainan parte hartzea.

Proiektua garatu ahal izateko, hezkuntza-komunitatea eta Udalaren arteko harremana ezinbestekoa da.

Bergarako udalaren izenean zorionik beroenak eta eskerrik handienak proiektuan parte hartu duten ikasle guztiei, eta modu berezian ikastetxe bakoitzeko irakasle koordinatzaileei, ikasturtean zehar garapen iraunkorraren alde egindako lan guztiagatik.


Sin título-1.jpg