Datorren 24ko plenoan Udal Gobernuan zenbait kargu aldaketa emango dira: batetik, alkate den Jesus Elortzak kargua eta Gobernu Taldea utzi egingo ditu, bere tokia Jaione Isazelaia zinegotziak hartuko du. Bestetik, Justina Elexpuru zinegotziak ere utzi egingo du Gobernu Taldea.

Horiek horrela, bi zinegotzi berri sartuko dira taldean nahiz eta, oraingoz, alkate izango den Jaione Isazelaiak utziko duen zinegotzi karguaren hartzailea soilik dagoen zehaztuta: Joseba Moñux izango da zinegotzi.

Beren karguak utziko dituzten ordezkari politikoei dagokienez, karguak uzteko arrazoiak desberdinak dira batean eta bestean. Jesus Elortzak arrazoi pertsonalak tarteko utziko du kargua; Justina Elexpuruk, berriz, Legegintzaldi hasieran aurreratu bezala egingo du, izan ere, bi urterako hartu zuen ardura politikoa betetzeko konpromisoa. Esan bezala, Justinak utziko duen postua nork beteko duen ez dago zehaztuta oraindik.

Udal Gobernua osatzen dugun pertsonok joan doazen gure kideek utziko duten hutsunea nabarituko badugu ere, bai maila pertsonalean bai politikoan, zera adierazi nahi genieke bergararrei: Udalean bideratzen ari diren proiektu guztiak taldean hartutako erabakien ondorioa direla; izan ere, gidatzeko era pertsonalistetik haratago erabaki konpartituak izan dira Udal Gobernu honek hartu eta bultzatu dituenak; beraz, uzten duten kideek lagatako hutsunea guztiok sakon sentitzen dugun arren, erreleboa hartzeak ez du inolako etenik sortuko udaletik bideratzen ari garen proiektuetan.

Bestalde, esan, bi udalkide hauek urteak daramatzatela herrigintzan lanean eta Udal Gobernuan pasatu dituzten bi urte hauetan, egoera ekonomikoak lagundu ez duen arren, onena eman dutela, eta etorkizunean ere, udalean dituzten karduei uko egiten dien arren, Bergaraz eta bergararrez arduratzen jarraituko dute, nahiz eta maila pertsonalean izan.

Gobernu Taldea osatzen dugunon aldetik eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu doazen udalkidiei, baita datozenei ere.