Jaione Isazelaia da atzodanik Bergarako alkatea, egin zen ohiko osoko bilkuran karguari zin egin ondoren. Bederatzi botoz, gehiengo absolutua lortu zuen izendapenerako. Beste bi zinegotzik ere kargu hartu zuten osoko bilkuran.

Ohiko osoko bilkura zen eta holako tramiteetarako erabiltzen den prozedura erabili zen atzo ere. Idazkariak bilkurako kideei nor ote zegoen prest alkate izateko galdetu zien, hiruren erantzuna jasoz: Bilduko Jaione Isazelaiak, EAJko Aintzane Oiarbidek eta Alderdi Sozialistako Mari Carmen Barrenetxeak nahi zuten alkate izan.

Idazkariak papertxo bana eman batzarkideei, horiek botoa era pribatuan eman eta, emaitzak zenbatzean 9 boto izan ziren Bilduko Jaione Isazelaiarentzat, gehiengo absolutua beraz. Aintzane Oiarbidek 5 boto eskuratu zituen eta Mari Carmen Barrenetxeak boto bat.

Alkate berriak kargua zin egin zuen, zintzo beteko zituela bere betebeharrak zin egin ere. Ondoren, herritarrei zuzendu zen hitz batzuen bitartez.

Alkatearenaz gain, beste bi izendapen ere izan ziren atzoko osoko bilkuran. Jaione Isazelaiak utzi duen lekua Bilduko Joseba Moñuxek hartu zuen eta Aralarreko Juxtina Elexpuruk utzi zuena alderdi bereko Rafa Santxezek.