Krisi garaian gaude eta baliabideak urriak direla kontuan hartuta, Udalak uste du pertsonen sormenak asko lagun dezakeela egoerari aurre egiten. Hala, abian jarri du "Ideia Zaparrada Bergaran: nola edo zertan hobetu Bergara?" lehiaketa. Interesatuek urriaren 21a arte dute aukera ideiak eta proiektuak aurkezteko.

Irabaziko duten proiektu eta ideiekin Bergara hobetzeaz gain, lehiaketa honek Udalak bergararren premiak eta lehentasunak zeintzuk diren jakiteko ere balioko du.

Urriaren 21a arte egongo da zabalik ideiak eta proiektuak aurkezteko aukera.

Proiektuen atalean lehenengo biak gehi herriko proiekturik onena sarituko dira eta gauza bera egingo da ideien atalean ere. Gazteen saria ere izango da!

Bideotxoa

Kasu guztietan, proiektua edo ideia azalduz bideotxo esplikatibo bat bidali beharko da. Bideo honen helburua da proposamena gainontzeko herritarrek ulertzeko moduan aurkeztea, epaimahai tekniko batez gain, herritarren bozek ere balioko dutelako.

Lasai, ez baduzu nahi, ez duzu aurpegia erakutsi beharrik ere! Mugikorra paretara begira proiektua edo ideia ahotsez esplikatzea ere nahikoa da-eta! Hori bai, gehiago landu nahi baduzu, hobe.

Lehiaketan parte hartzeko bideak:

  • Whatsapp zenbakia: 688 696 228
  • Facebook kontua: Bergarako Udala
  • Twitter kontua: @BergarakoUdala
  • Udaletxean aurkeztuta (eskuorrian eta pleguetan zehazten den prozedura jarraituta)