KafeKonpOn2.jpg

Europako hainbat tokitan Cafe Repair bezala ezagutzen da egitasmoa. Bere helburua da hondatu zaizkigun etxeko tresna txikiak (plantxa, sikagailu, erloju...) konpontzen ahalegintzea berrerabili ahal izateko. Lehen bilera urriaren 8an izango da.

Zer gertatzen da etxeko tresna txikiak hondatzen zaizkigunean? Ba, normalean, bota egiten ditugula eta berriak erosi... ez baitugu segundo bat bera ere inbertitzen konpontzen saiatzen. Baina askotan konpontzea uste baino errazagoa da!

Berrerabiltzeko eta konpontzeko filosofia gure herrian txertatzeko Bergarako Udalak “Kafekonpon” egitasmoa jarri du abian. Honekin lortu nahi dugu etxean baztertuta dauzkazun traste zahar horiek berreskuratzeko ahalegina egin dezazun.

Nor?

  • Etxean ez dabilen trasteren bat duen edonor (hau da, guztiok).
  • Trasteak desarmatu eta martxan jartzea maite duen edonor.

Nola?

Hilean behin elkartuko gara San Joxepeko egoitzan, hileko bigarren astearteetan (aspaldi ganadu feriak egiten ziren egun berberean). Bertan herriko hainbat “esku-trebe” elkartzeko asmoa dugu hurbiltzen zareten gainontzeko herritarrokin batera “traste zaharrei” irteera emateko asmoarekin.

Lehenengo hitzordua datorren asteartean, urriaren 8an, arratsaldeko 16:00tik 18:00ra izango da San Joxepe (jubilatuen) egoitzan.

Ekarri zure traste zaharra, guztion artean desarmatu eta muntatzen ahaleginduko gara!! Eta hori guztia kafetxo goxo bat hartuz!!


KafeKonpOn2.jpg