Joan den apirilaren 28an eman genuen lehen pausoa eztabaida prozesu honetan. Hainbat eragile eta herritar, Bergarako Udalarekin batean, debatea bultzatzen ari gara lehengo eta oraingo migrazio prozesuek eragindako aniztasunak gure herri honetako herritarroi planteatzen dizkigun erronkei nola aurre egin eztabaidatzeko.


Jakitun gara zailtasunak badirela, baina, aldi berean, badakigu aukerak ere baditugula gure bizikidetza hobetzeko hainbat arlotan: egoera sozio-ekonomikoa, euskara, jatorrizko ama-hizkuntzak eta hezkuntza-sistema, egoitza-eskubideak eta politikoak, jatorrizko herriekiko harremanak... Uste sendo honetatik abiatzen gara: eragile sozial eta instituzionalak, eta herritarrak, geure esku aukera eta baliabide franko ditugu bide hori elkarrekin egiteko, bakoitzak bere gain harturik dagokion erantzukizuna eta aldi berean bateratuz elkarrekiko konpromisoak.

Aurreko eguneko eztabaida aukera polita izan zen hurbildik elkar ezagutzeko eta leku komun bat partekatzeko, askotan lehenbiziko aldiz.

Prozesu hau nork suspertu behar du?

Topaketa honetan, gai honek duen garrantzia frogatzen duten debateak antolatzeaz gain, talde eragile bat osatu dugu. Talde eragile honetan parte hartzen dutenek, baldintza berdinetan egin behar dute.

Debate honi ekiteko lan metodologia bat proposatzen dugu. Metodologia honek parte hartzea bultzatuko du, malgua izango da eta irekia, eta lagundu behar digu pausoak ematen eta baterako konpromisoak hartzen Bergarako talde eta pertsona ororen bizi baldintzak hobetzeko.

Argazkia

Zer egin liteke?

Bidea elkarrekin egiteko, hiru lerro elkarri lotuak proposatzen dizkizuegu.

1.- Alde batetik, garrantzizkoena, tresnak, guneak eta uneak sortzea da, era bateratuan eta arlo bakoitzean gainerakoei aditzera eman diezaiegun zertan ari garen eta zergatik arlo bakoitzean. Garbi dago ez garela hutsetik abiatzen, baina axola handikoa da jakintzat edo egintzat ezer ez ematea. Arlo bakoitzean oso galdera eta erantzun oinarrizkoak dauzkagu partekatzeko. Esate baterako, hauexek:

  • Zergatik eta zertarako daude euskara defendatzeko eta berreskuratzeko erakundeak?, zergatik da hezkuntza-sistema horrelakoa?, eta zein dira kultur ardatzak Bergaran eta Euskal Herrian?, baina, era berean: zein dira beste leku batzuetatik etorri garen pertsona eta taldeon jatorrizko herrietan hizkuntza, kultura eta erlijio egoerak, eta zein hezkuntza sistemak?
  • Bergaran bizi garenok zergatik ditugu egoera sozial eta ekonomiko ezberdinak?, zergatik da egun Bergaran eta Euskal Herrian ekonomia eta lan-merkatua den bezalakoa, eta zergatik gauza bera migratzaileen jatorrizko herrietan?, zein eragin izaten ari da egungo krisia eta nola egin diezaiokegu aurre era bateratuan Bergaran eta Euskal Herrian, eta jatorrizko nazio eta herrietan?
  • Nola daude egituratuak egoitza, herritartasun eta naziotasun eskubideak eta eskubide politikoak eta hauteskundeetakoak Bergaran eta Euskal Herrian, eta kanpotik etorritakoen jatorrizko herrietan? Zein dira eta zergatik, eskubideen egoera eta egoera politikoa Bergaran eta Euskal Herrian, eta jatorrizko nazio eta herrietan?
  • Bizikidetzaren egoera zein da aisia-gune eta jende-gune eta leku publikoetan?, baina baita ere, nola bideratu Bergara eta Euskal Herria eta bestelako jatorriak ditugun jatorrizko herrien arteko harremanak?, nola eman genezake ezagutzera jatorrizko leku horien egoera Bergaran eta Euskal Herrian, eta nola alderantziz, herri honen egoeraren berri eman gure jatorrizko lekuetan?
  • Nola eragiten dio horrek guztiak, bereziki gaztetxoei eta emakumeei?

2.- Bigarren lerroa da egoerari buruzko diagnostiko kuantitatibo eta kualitatiboarena eta bestalde, bergararrok aniztasunaren eta bizikidetzaren gainean dituzten pertzepzioena. Hau ezinbestekoa da, baina tresna bat baino ez du izan behar herri honetako eragile eta herritarrek bultzatu behar dugun debatea aberasteko eta laguntzeko.

  • Batetik, Bergarako biztanleen egungo egoeraren mapa kuantitatiboa konfiguratu nahi da, eta haren ezaugarri nagusiak jakin, sexu, adin, hezkuntza-, hizkuntza, lan-egoera, etab. Errealitate soziologikoaren lehen argazkia eskaini behar liguke.
  • Bestalde, eta aurrekoa bezain garrantzizkoa, herri honetako herritarrek dituzten ideiak, pertzepzioak, etab. jaso nahi dira. Horretarako 40 bat lagun hautatu behar dira, jatorri, sexu, adin, lan eta hizkuntza ezaugarrien aldetik tipologiaedo profila nagusien ordezkari izan daitezen.

3.- Azkenik, oso garrantzizkoa izango litzateke, bi lerro horiek elkarri lotzea eta gogoeta bateratua egitea, eta irekia, eragile, herritar eta erakunde artean, bi helburu hauek lortzeko:

  • Egoera orokorrari buruz eta arloka azterketa bateratua zehazteko, eta arlo bakoitzean dauden potentzialitate eta arazoak.
  • Lehentasunezko ekintzak eta lerroak ezarri, eta horretarako elkarrekiko konpromisoak.

Argazkia

Nola egin liteke?

Lan kronograma bat proposatzen da, irekia eta malgua.

1.- Lehen fasean, maiatzetik irailera, eragile eta herritarren arteko hurbilpena lortu nahi da, batetik, eta bestetik, hori diagnostikoarekin batera gauzatzea.

2.- Bigarren fasean berriz, irailetik azarora, bateratu egin nahi dira diagnostikoaren emaitza eta eragile, erakunde eta herritarren arteko hurbilpena, eta zehaztu denen artean erronkak, konpromisoak eta esku-hartze lerro posibleak.

3.- Eta azkenik, abenduan, Jardunaldi irekiak egin nahi dira, emaitza horiek eztabaidatzeko.

Prozesuak irauten duen bitartean, zuen iritziak eta ekarpenak helarazteko, telefono zenbaki honetara bideratu 943 779165 edo bestela interneteko helbide honetara: iamozarrain@bergara.eus