Bergarako auzo eta landa eremuaren bizi kalitatea hobetzeko pausoak ematen jarraitzen du Udalak. Aurreko asteetan, Angiozar, Basalgo eta Buruñao auzoetan obra desberdinak egin ondoren, orain Elorregi, Elosu eta Basarte auzoei egokitu zaie.

Honela, Elorregi auzoan Ziharrerokoa eta Gorosabel baserrietara doan bi publikoaren zorua egonkortu da. Elurlan enpresak egin ditu obrak eta 1.573 euroko aurrekontua izan du. Elorregin jarraituz, haizeteak eraginda Luberri baserrirako bidean eroritako zuhaitzak eta izandako lurjausia kendu eta bidea garbitu da. Lan hauek ere Elurlan enpresak egin ditu eta 1.240 eurorekin. Bestalde, segurtasun neurriak tarteko, Elorregi auzoko bi autobus geltoki eta Buruñao auzoko autobus geltoki bat eraisteko erabakia hartu du Udalak.

Elosun berriz,  Altsasuko pistan dauden zuloak estali eta Agirre baserrietara doan bide publikoan lurzorua egonkortzeko lanak egingo dira. 5.475 euro kostako da obra eta Elurlan enpresak egingo ditu. Azkenik, Basarte auzoko udal sareko ur-ponpa kendu eta sare berria egokituko da. Construcciones Lasuen enpresak burutuko ditu obrak eta 23.666 euroko aurrekontua du lanak.

Modu honetan, Bergarako Udalak 32.000 euro bideratuko ditu auzo desberdietako beharrak asetu eta auzotarren egunerokotasuna hobetzeko.