Larunbat honetan, uztailak 15, Loiola Bataloiko gudari Andres Egaña eta Ignazio Ernabideri omenaldia egingo diete Udalak eta Intxorta 1937 elkarteak. Ekitaldia 13:00etan izango da eta herriko eragile eta herritar guztiei egin nahi zaie gonbidapena.

Andres Egaña eta Ignazio Ernabide, biak 18. Loiola Batailoiko gudariak dira eta ekitaldian omenduak izango dira. Baina antolatzaileek harago joan nahi dute, eta ekitaldi honetan 1936ko kolpe militarra eta haren aurkako erresistentzian demokrazia eta askatasuna defendatu zuten Bergarako 200 gudari eta miliziano guztiei merezitako aitortza egin.

Ildo berean, Intxorta 1937 elkarteak hainbat datu esanguratsu partekatu ditu: matxinatuak herrian sartu baino lehen milaka herritarrek ihes egin behar izan zuten Elgeta eta Bizkaia aldera. Adibidez, Union Cerrajerako Labe Garaietan 652 langiletatik 421 langilek (ia %65) alde egin zuten. Eta gutxienez 177 bergarar hil zituzten. Gainera, ia 300 pertsona atxilotuak izan ziren, heriotz edo 30 urteko espetxe zigorra ezarri zieten 24 pertsonei, hainbat emakume alargundu eta iraindu, erbesteratuak... izan ziren.