Bergarako Udalak, programa honen bidez, garapen sozio-ekonomikoa bultzatu nahi du, bi asmo uztartuz: alde batetik, ekintzaile berriei alokairuan laguntza eskaintzea beraien ibilbide hasierako urratsetan laguntzeko; eta, bestetik, herrian hutsik dauden lokalen erabilera berreskuratzeko. Programa hori gauzatzeko, Udalak aurreikusita ditu 20.000 euro.

 

Laguntza hau jaso ahal izango dute 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako eta Bergaran egoitza zein jardun-eremua duten enpresek. Jarduerak berria izan beharko du. Diru-laguntza eskuratzeko honako baldintzak bete beharko dituzte: laguntza eskatu baino sei hilabete lehenago egoitzak Bergaran egon beharko du; hasierako plantillak gehienez 10 lagunekoa izan beharko du; enpresak Ekonomi Jardueren gaineko Zergan alta emanda egon beharko du; Negozio ekimenaren bideragarritasun planaren azterketa Debagoieneko Garapen Ekonomiko Agentzian egina izatea; eta betebehar fiskaletan, Gizarte Segurantzakoetan zein Udalari dagozkionetan egunean egotea.

 

Hala bermatzen denean, Udalak honako laguntza emango du: lehen urtean Udalak alokairuaren %33,3 ordainduko du; gehienez 200 euro/hilabeteko. Eta bigarren urtean, berriz, Udala alokairuaren %20aren kargu egingo da; gehienez 120 euro/hilabeteko. Gehienez 24 hilabetetako laguntza emango da, eta BEZa ez da diruz lagunduko.

 

Interesdun enpresak, Udalak horretarako propio sortutako eskaera-inprimakia erabilita, Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko du bere laguntza eskaera. Diru-laguntza hau eskatzeko ez da egongo eperik; beraz, alokairu laguntza programa hau urte osoan irekita egongo da, aurrekontua agortu arte.

 

Eranskinak: