San Martin jaiak lelopean irailaren 8tik 17ra mota askotako ekitaldiak izango dira udalerrian eta ez da aspertzeko astirik izango.

Ekitaldiak ostiralean bertan hasiko badira ere, asteburu honetako egun kuttuna larunbata izango da, orduan egingo da-eta San Martin azoka. Aurten, bigarren urtez, Oxirondon jarriko da azoka, Udalak Oxirondo azoka bultzatu nahi duelako: han izango dira barazki eta fruta postuak, baita bestelako batzuk ere. Katabixan, aldiz, gazta lehiaketa egingo da, talo eta odoloste postuak izango dira, eta Bergarako komertzio batzuk ere postuak jarriko dituzte.

Azoka zenbakitan: Gazta lehiaketan 21 ekoizlek parte hartuko du; barazki eta frutan 15 izango dira; eta guztiak batuta 60, Euskal Herria osotik etorritakoak. Sariei dagokionez, barazki, fruta eta gazta lehiaketetako lehen hiru irabazleei 500 euro eta trofeoa, bigarrenei 450 euro eta hirugarrenei 400 euro emango zaizkie. Guztira, 9 sari banatuko dira.

Aurten, iazko arrakasta ikusita, Erle eta Ezti erakusketa ere egingo da Katabixan. Eguna borobiltzeko, arratsaldez gaztetxoendako zezentxo eta poniak izango dira, besteak beste. Eta irailaren 10ean, igandea, Bikote nagusientzako dantza txapelketa izango da. 32. edizioa da, ia urtero San Martin bezperan egiten dena. Urtero duen arrakasta ikusita, aurten igandera pasa dugu jende gehiago gerturatu ahal izateko.

Astean atsedena hartuta, irailaren 15ean, San Martin Agirre egunaren bezperan, hasiko dira berriro tamainako ekitaldiak. San Martinetako nagusien danborrada herritarren kuttuna da eta hala erakutsi du ere aurtengo parte-hartzeak: 19 taldek eman dute izena eta 560 danbor jotzaile arituko dira; inoiz baino gehiago. Dagoeneko entseguak hasi dira eta jai giroa zabalduz doa herrian. Danborradarekin lotuta, Udaletik nabarmendu nahi dugu bertako eragileekin landutako partaidetza prozesua danborradaren arautegia idazteko; udal webgunean daukazue zintzilikatuta.

Irailak 15, 16 eta 17 egitaraua bete-beteta dator eta ez dugu guztia zerrendatuko, baina ekitaldi batzuk nabarmendu aurretik, aipamen berezia irailaren 9an izango den ‘Maurizia’ dantza emanaldiari. Bergarako Edu Murumendiarazek zuzendutako Aukeran dantza taldea da horren sortzailea eta aurten taldeak 20 urte bete ditu; urteurren berezi hori bergararrekin ospatzea nahi izan dugu.

Hori esanda, hauek nabarmendutako ekitaldietako batzuk: San Martin egunean Musika Bandak San Martin plazan egingo duen kontzertua; gazte eta nagusien artean halako arrakasta piztu duen Huntza taldeak erromeria egingo du San Martin plazan, adin guztietakoek gozatu ahal izango duten orduan, 20:00etan; igandean pilota partiduak izango dira udal pilotalekuan eta emakumeak arituko dira soilik. Egun berean Aire Libreko Simon Arrieta pintura lehiaketaren 44. edizioa egingo da jada; irailaren 16an eta 17etan, bietan, sokamuturra egongo da. Igandean goiz eta arratsaldez umeendako jolas parkea; Pentekosteetan eguraldiagatik suspenditu behar izan zen Goitibehera Zirkuitua berreskuratu dugu.

Gogoratu, horrez gain, aurten bigarren aldiz Xaxauk txosna jarriko duela Munibe plazan. Halako gonbidapena egin zion Udalak iaz, eta aurten errepikatuko dute. Eta bukatzeko suzko erruberak izango dira. Gogoratu irailaren 15ean gaueko autobus bereziak egongo direla, jaien joan-etorria errazteko Eta ezin ahaztu egunerokoan bezala jaietan ere bizikidetza eta errespetua ezinbestekoak direla; hori kontuan hartuta ondo pasa San Martinak!

Eranskinak: