EAJ taldeak udal hauteskundeetako kanpaina aurretik hainbat premia detektatu zituen udalerrian. Horren arabera, prestatu zuen hauteskunde programa eta ekintzen artean Boluko udal pilotalekua estaltzeko asmoa azaldu zuen.

Hala, agintaldi honetan Boluko udal pilotalekua estaltzeko proiektua idazten dabil Udala eta auzotarrekin bi bilera egin ditu hori lantzeko eta alternatibak bilatzeko. Lehenengo bileran denetariko iritziak eta aportazioak jaso ziren eta horren arabera proiektua aberastu da. Prozesuan, proiektuaren kontrako iritziak jaso dira eta baita aldekoak ere, baina ezinezkoa zaio Udalari batak eta besteak neurtzea. Gainera, hainbat auzotarrek esan zuten ez zutela beraien artean eztabaidan aritu nahi. Horregatik, Udalak ondorioztatu zuen onena zela auzotar guztiei galdetzea eta kontsulta loteslea egitea.

Hala, prozesu honetan parte-hartzea bermatu nahi izan da, eta kontsultaren bidez, auzotarren arteko eztabaidak ekiditeko, bizikidetzaren alde egitea.

Hori esanda, galdera hauxe izango da: ‘Bergarako Udalak Bolua auzoko udal pilotalekua estaltzeko egin duen proposamena burutzea nahi duzu?’. Eta galdeketa eguna irailaren 23, larunbata.

Gogora ekarri dira, herritarren aportazioei esker, halako hobekuntzak ondorioztatu direla:

Auzo osorako ekipamendua izango da.

Erabilera anitza izango du (kirola, aisialdia, kultura…)

Pilota Sekzioak lehentasuna izango du pilotan jokatzeko eta ordutegi zehatza.

Gauez itxia egongo da.

Soluzio teknikoak ezarriko dira bermatzeko irisgarritasuna, argiteria, soinu murrizketa…

Aurrekontua 150.000 euro izango da, eta gainontzeko lanak 40.000 gutxi gorabehera.

Bukatzeko, alkateak azpimarratu du kontsultan Bolua auzoa osatzen duten lau kaleetako bizilagunek bozkatu ahal izango dutela: Aranerreka, Koldo Eleizalde, Iriburu eta Bolua. Eta galdeketaren emaitza loteslea izango dela

Kontsulta irailaren 23an egingo da 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara BEARTek Bolua auzoan duen lokalean, Bolua kaleko 47an. Hortaz, mahai eta hautesleku bakarra izango da.

Bertan bozkatu ahal izango dute Aranerreka, Koldo Eleizalde, Iriburu eta Bolua kalean erroldatuta dauden 18 urtetik gorako herritarrek 2017ko abuztuaren 1a aurretik kale horietan erroldatuta badaude.

Horrez gain, aurretiazko bozketa ere egongo da. Hala egin nahi dutenek irailaren 20 izango dute horretarako. 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara Udaletxeko idazkaritzan eman ahal izango dute botoa.

Bozka emateko ezinbestekoa izango da NANa, pasaportea edo gidabaimena eramatea.

Epe laburrean aipatutako lau kaleetako bizilagunek botuak eta oinarrizko informazioa jasoko dituzte postaz.

Hautes-mahaia osatuko dute mahaiburu batek eta bi mahaikidek. Mahaiburua udal langile bat izango da eta bi mahaikideak bi herritar. Interesatuek izena eman beharko dute irailaren 15 aurretik eta horien artean zozketa egingo da. Baldintzak udal webgunean jarriko dira.