Udal gobernu taldeak kanpainan iragarri zuen Boluko udal pilotalekua estaltzeko asmoa. Hala, agintaldi honetan Udalak horren aurreproiektuak diseinatu eta, partaidetza prozesuaren bitartez, bi batzar ireki deitu zituen auzotarren iritziak jaso eta proiektua aberasteko eta bertan aurkeztu ziren 3 proiektuetatik bat bozkatu da gaur.

Partaidetza bilera horietan ekarpen ugari eta askotariko iritziak jaso ziren. Hala, auzotarren benetako nahia argitu nahian, kontsulta deitzea erabaki zuen Udalak eta hala gauzatu du. Bergaran egin den lehen auzo kontsulta izan da.

Gaur, zapatua, burutu da Boluko udal pilotalekua estaltzeko kontsulta eta emaitza honakoa izan da: baiezko 245 botu, ezezko 184 eta zuri bat. Aranerreka, Koldo Eleizalde, Iriburu eta Bolua kaleko 1.256 pertsonek izan dute botoa emateko eskubidea, eta 430 pertsonek parte hartu dute bozketan, %34,23k. Horietatik, aurretiazko 63 bozka izan dira. Iragarri zen bezala, emaitza loteslea izango da.

Parte-hartze kopuruari dagokionez, Udalak Gobernantzatik herrian partaidetza lantzea erabaki zuen. Denen artean pausoak ematen ari dira eta poliki-poliki praktika hau herritarren artean errotuz doa. Udalak argi du hori dela bidea eta partaidetzarako erremintak eskaintzen eta bilatzen jarraituko du, hori baita herrigintza.