Bergarako Udalarentzat oso albiste ona da Gureak enpresak Candy izandako eraikuntza guztiak eskuratu eta bertan aktibitatea martxan jartzea.

Hasieratik Udalaren asmoa izan da udalerrian enpresen etorrera erraztea, Bergaran aktibitatea izateko eta ahalik eta lanpostu gehien sortzeko. Horretarako, hainbat enpresa eta erakunderekin harremanetan dago uneoro, bai Larramendin zein beste esparru industrial askotan non pabiloiak hutsik dauden edo aktibitatea indartzeko aukera dagoen edozein esparrutan.

Mayc-Candy enpresaren itxiera kolpe handia izan zen herriarentzat. Halako kolpeak beti dira latzak, guztioi eragiten digutelako eta legealdiaren hasieratik gure indarrak zuzendu ditu esparru hori berriro balorean ipintzeko eta erabilera industriala berriro ezartzeko. Hori lortzeko etengabeko kontaktuak izan ditu agente guztiekin: bai eraikuntzaren jabearekin, bai interesa erakutsi duten eragile desberdinekin eta baita ere lehengo langileekin.

Kasu honetan ere 5. Arean kokatutako eraikuntzei irteera eman nahian kontaktu asko izan ditu Udalak, bai jabeekin, bai interesa agertu dutenekin eta baita langileekin ere, baina beti ere lan isila eginez. Eta zorionez lan horren emaitza mahai gainean dago. Horregatik gaur da eguna poz handiz esan dezakeguna Gureak enpresak bertan hainbat aktibitate egiteko Candy esparru osoko jabea dela eta esparru horretan aktibitate industriala mantenduko dela. Izan ere, gogoratuko duzue 2016ko udaberrian mozio baten bitartez konpromiso publikoa hartu zuela Udalak Candyko esparruak erabilera publikoa izateko, eta hala izango da.

Orain hasten da Udalak Gureak-ekin batera lan egiteko beste epe bat: proiektua eta obra erabat zehazteko eta guztia martxan jartzeko. Horretarako, Udalak berme eta erraztasun guztiak ziurtatuko ditu.

Hori esanda, Udalarentzat garrantzitsua da etorkizuneko argazki bat irudikatzea: orain hutsik dagoen 5. Arean etorkizun laburrean Miguel Altuna ikastetxea eta Gureak-en hainbat aktibitate izango dira. Sinergia honek etekin emankorrak emango dizkio herriari.

Gureak-eko Jose Ignacio Galarragak azpimarratu du Gureak Bergarara lotuta dago orain dela 42 urtetatik. Eta orain gure eskualdean duen presentzia indartuko duela instalazio berri batzuk eskuratuz. Are gehiago, etorkizuneko anpliazioetarako metro karratu gehiago eskura edukitzea ere aurreikusi du. Bertan aurrera eramango diren aktibitateak batez ere automozioari lotuta izango dira.

Prozesua bi fasetan aurreikusi dute:

(Lehen fasea)

-2018ko apirila. Kablea prozesatzeko aktibitatea martxan jarriko dute. Gureak Industrial. 4.000 metro koadro erabiliko dituzte. 75 langile arituko dira. 2018tik 2020ra ekipamendu eta makinaria berria eskuratzeko 1,8 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da.

-2018ko maiatza. Proiektu berrien prototipoen aktibitatea. Produktua: Automoziorako kableatua. I+D Gureak Industriali lotuta izango da. 500 metro koadro erabiliko dituzte. 12 langile arituko dira.

(Bigarren fasea)

-2020: muntaia eta ensanblatze aktibitateak. 3.000 metro karratutik gorako handitzea. Automozioari lotutako aktibitateak. 120 langile gehiago.

Horrez gain, Udalak eta Gureak-ek jakinarazi dute Candy Hoover enpresan ziharduten eta lan gabe dauden pertsonekin harremanetan jarri direla, Gureak-ek Bergaran dituen plantatan horietako batzuk lanean jarri ahal izateko aukerak aztertzeko.