Aste honetan jarriko da martxan Errege Mintegiko Eliza Zaharrean eraiki dugun Seminarixoa, erabilera anitzeko agertokia.

Herritarroi luze egin zaigu agertoki berri hau bukatuta ikustea, baina dakizuen moduan aretoa bera ondarea izatea eta hori bere horretan zaintzeko ahaleginak luzatu ditu bertako obra eta egokitzapen lanak. Tentuz eta mimoz egindako lan horri esker, Bergara erdi-erdian kokatuta dagoen XVIII. mendeko gure ondare garrantzitsuetako batean XXI. mendeko azpiegituraz atondutako agertoki eder bat daukagu. Arte ondare eta modernitatearen artean ia ezinezkoa zirudien oreka errealitate bihurtu da, eta altxor horretaz gozatuko dugu aurrerantzean. Bergarak dagoeneko badu diziplina anitzeko emanaldiak modu erosoenean eta baldintza egokienetan ikusi eta entzuteko azpiegitura egokia. Itxaronaldiak merezi izan du, zalantzarik gabe!

Aretoari, gure topononimia eta hizkera ohiturei jarraiki eta hizkuntza arauak beteta Seminarixoa izena jarri diogu. Eta hala izatea nahi dugu, kulturaren hazitegi bat. Bertara ekarriko ditugu tamaina desberdinetako ikuskizunak, haiekin gozatu eta haietaz ikasteko; baina, era berean, herriko kultura taldeek eta artistek ere bertan plazaratuko dituzte beraien sorkuntzak. Gure herriko kultura sortzaile eta kultura zaleok merezitako aretoa daukagu!

Manu Muniategiandikoetxea artista bergararrak sortu du Seminarixoko irudia. Bera eta bere ekipoa zortzi puntako izarrean, euskal izarrean, oinarritu dira. Muniategiandikoetxeak azaldu duen bezala, izar hau euskaldunon jatorrian eta gure oroimen kolektiboan zizelkatuta dago eta gurera, gaur egunera, ekarri nahi izan dute.

Seminarixoan izar honek beste adiera gehigarri bat hartzen du: forma borobilagoa hartuta hazitegiaren zentzua emanez, izar edo lora honen petaloak haziak dira, tanta bihurtuta kulturaz 'busti'ko gaituztenak. Eta tanta horietatik etorriko dira besteak, kultura hazten eta hazten joan dadin. Hala irudikatzen da-eta Seminarixoa, kulturaren sorleku eta hazitegi.

Udalaren apustua irmoa izan da; Bergarako kultura sortzaileek eta Bergarako herriak behar zuen maila handiko agertoki bat eta azkenean lortu dugu. Aretoa bera ederra da, gure herriaren ondare bizi-bizia, eta aretoaren beraren baldintza eta azpiegitura teknikoak punta-puntakoak.

Aste honetan, Olentzerorekin batera, zabalduko ditu Seminarixoak bere ateak: Olentzero eta Mari Domingi enbaxadore aproposak izango dira txiki eta nagusiei halako zeresana emango duen agertoki honen ateak zabaltzeko. Datorren astean ere umeentzat ikuskizunak izango dira: O-ahuetak, Do Re Mi Family, Sun magoa…

Eta dagoeneko urtarriletik maiatzera izango diren emanaldi gehienak jasota daude. Musikak pisu nabarmena izango du (klasikoak, rockak, popak eta beste), baina agertoki berri honetan lekua izango dute, baita ere, antzerkiak, dantzak eta haurrentzako emanaldiek ere. Hala ere, jasotakoez gain ere izango dira beste batzuk; horien artean herriko talde eta ekimenenak.

Sarrerak eskuratzeko bi bide egongo dira: Seminarixoko txarteldegian bertan ostegunero 18:00etatik 20:00ak bitartean eta ticket.kutxabank.es webgunearen bitartez. Aipatu beharra dago hilabeteko lehen ostegunean hasiko garela saltzen hurrengo hilabeteko emanaldietako sarrerak. Eta txarteldegian zein Interneten eskuratu ahal izango dira edozein sarrera; ez da bereizketarik egingo.

Bestalde, asmoa da eta hala jasota 2018ko udal aurrekontuen proposamenean, zine emanaldiak ere Seminarixoan egitea. Baina horretarako hilabete batzuk itxaron beharko dira. Honako ekitaldiak programatu dira urtarriletik maiatzera bitartean:

-Urtarrilak 3-4. Gospel kontzertuak.

-Urtarrilak 12. Amorante. (Musika).

-Urtarrilak 13. Etxeko saltsak. (Antzerkia).

-Urtarrilak 20. Shoah for Solo Violin and Sacred Temple (Musika).

-Urtarrilak 27. Jon Braun (Antzerkia).

-Otsailak 4. Izar (Antzerkia).

-Otsailak 10. Pirritx eta Porrotx (*Pilotalekuan).

-Otsailak 17. Ez dok Hiru (Antzerkia).

-Otsailak 23. Jabier Muguruza (Musika).

-Otsailak 24-25. Kantari (Karaoke ikuskizuna).

-Martxoak 3. Mozkorra parregarri (Opera komikoa).

-Martxoak 10. HQ Quartet y Susana Cordón. (Musika).

-Martxoak 17. 13 y martes (Antzerkia).

-Martxoak 23. Bertso jaialdia.

-Martxoak 25. Go!azen (*Pilotalekuan).

-Apirilak 14. La teta de Janet (Dantza).

-Apirilak 15. Erlauntzaren sekretua.

-Apirilak 21. Artxipielagoa (*Pilotalekuan).

-Apirilak 28. Euria (Dantza).

-Maiatzak 5. Voces de cine (Musika).

-Maiatzak 12. El fin de las cosas (Dantza).

-Maiatzak 13. Kontu kontari (Musika).

Arloa: