Imara Ingeniaritza SL enpresak idatzi du Boluko frontoi publikoaren estaldura egiteko proiektu teknikoa. Dokumentu teknikoa idatzi da auzotarrekin izan diren bileratan egin diren eskaera eta jasotako nahiekin; hala proiektuak horiek guztiak jasotzen ditu. Besteak beste, irisgarritasuna, argiteria eta eremuaren itxitura bermatzea izan dira auzotarrek egindako ekarpenak.

Pilotalekua instalazio ireki bat denez, soluzio arkitektonikoa hala ondorioztatu da. Egurrezko egiturako estalkia egiteko asmoa dago. Hegoaldeko aldea kristalarekin itxiko da altuera jakin batera arte. Irisgarritasuna bermatzeko, aldiz, altxakorra den elementua jarriko da. Era berean, itxitura eta argiztapen egokiak ziurtatuko dira.

Boluko frontoi publikoaren estaldura egiteko Imara Ingeniaritza SL enpresak idatzitako proiektu teknikoa eta 315.485,57 euroko –BEZ barne- lizitazio oinarria duen baldintza administratiboen plegua onartzea proposatu zen, kontratazioa prozedura irekiaren bidez egiteko. Lizitazioa urtarrilean bertan egingo da.

Lanak Aste Santuak aldera hastea da asmoa eta lanen iraupena lau hilabetekoa izango da.