Asteburuan Erramu Zapatua ospatuko da, baina horren aurretik ostiralean ere izango dira intereseko ekitaldiak.

Ostiralean, martxoaren 23an, herriko abesbatzek kontzertua egingo dute San Pedro elizan, 19:30ean. San Pedro parrokiak antolatuta, honako taldeak arituko dira: Aritzeta, Orfeoia, Parrokiako koroa eta Sutargi.

Bertso jaialdia

Egun berean, Erramu Zapatu Bezperako Bertso Jaialdia izango da aurten lehenengo aldiz Seminarixoan, 22:00etan izango da eta sarrerak 8 eurotan eskuratu daitezke Seminarixoko txarteldegian ostegunean 18:00etatik 20:00etara edo, agortzen ez badira, emanaldiaren egunean. Era berean, ticket.kutxabank.es plataforman ere eros daitezke. Aurten bertsolari hauek hartuko dute parte: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Aitor Sarriegi eta Iker Zubeldia.

Urtero moduan larunbata egun handia izango da. Feria handia izango da eta 09:00etatik aurrera abelburuen erakusketa, Euskal Oiloaren erakusketa, makinaria, Eusko Label produktuak eta Artisautza izango dira, besteak beste. Ikus egitaraua: erramu_zapatua18.pdf

118 postu

San Martin plazan artisautzako 40 postu izango dira; Muniben orotariko 10 postu; Simon Arrietan eta Fraiskozurin elikagaien 50 saltoki; eta Seminarioko pation makinaria, burdindegi, baserriko tresna eta pentsua erosteko 18 saltoki.

Horrekin batera, Jardunek talo postua jarriko du Seminarioko karpan eta Segurako talogileak Fraiskozurin izango dira. Eta San Martin plazan Eusko Label baserriko txerria dastatu ahal izango da.

Horrez gain, Seminarioko patioan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldietarako hainbat herritarrek sortutako lurrun-makina martxan ikusi ahal izango da.

Kale animazioari dagokionez, Bergarako Musika Eskolako trikitilari, akordeoilari, txistulari eta dantzariek kalejira egingo dute 11:00etan; Aurtizko joaldunak 11:30ean irtengo dira; 12:30ean Bergarako trikitilariek emanaldia egingo dute Ibargarai kalean; eta arratsaldean kale animazioa izango da txarangarekin.

Horiez guztiez gain, herri bazkaria izango da Udal Pilotalekuan 14:30ean, Txapa Irratiak antolatuta; 12:00etan ikastaroak eta tailerrak izango dira San Martin plazan (bainurako gatz lurrinduak, otargintza, paper marmolatua eta beste); eta 17:30ean zezentxoak izango dira Seminarioko patioan.

Eranskinak: