Goiko estazioan aspalditik musika taldeen entsegu lokalak daude. 2008an Udalak obra egin zuen bertan eta lokal horiek kudeatzeko Goiko Rock Musika Elkartea sortu zen. Udalak hitzarmena dauka Goiko Rock Musika Elkartearekin eta biek lankidetzan dihardute.

Udalak badu Goiko Rock Musika Elkarteak batzen duen sormen handiaren berri, baina agian herritar askok ez dute ezagutzen goiko estazioan dagoen musika eskaintza. Horregatik Udalak proposatu zion elkarteari kontzertu bat egitea. Elkarteak begi oso onez hartu zuen proposamena eta dagoeneko kontzertua zehaztuta dago: ostiral honetan, ekainak 8, 22:30ean, Seminarixoan bertan herriko hiru musika talde arituko dira eta sarrera libre izango da: Lord Witch, Turboshit eta Low Cost Deluxe.

Udaletik gogoratu dute iaz zabaldutako Seminarixoa diziplina guztietara zabalik dagoela eta herriko taldeentzat dela; alajaina, musika, dantza, antzerkia… lantzen duten diziplina guztiek sarrera dutela bertan.

Urteko lehen sei hilabete hauetan Seminarixoko agertokian mota askotako emankizunak ikusi ahal izan dira bertan; eta horien artean GoikoRock ere egotea oso garrantzitsua da Udalaren ustez, musika talde asko mugitzen dituen eragile garrantzitsua delako.

Hala, herritarrei gonbidapena egiten zaie ostiral honetan Seminarixora herriko hiru taldeen eskaintzaz gozatzera etortzeko.

22 musika talde batzen dituen elkartea

Goiko Rock Musika Elkartearen baitan, 22 talde eta bakarlarik entsaiatzen dute goiko estazioan, eta guztira 70 lagunetik gora daude izena emanda.

Norbaitek Goiko Estazioan entsaiatu nahi badu eskaera egin behar du Udaletxean, honek ondoren eskaera bidaltzen die Goiko Rock Musika Elkarteko ordezkariei eta beraiek dira talde/norbanako hau lokal batean egokitzen dutenak.

Goiko estazioan guztira 8 entsegu lokal daude, lokal guztiak konpartituak dira. Lokaletan parte hartzeko baldintza bakarra taldeko kideen erdia gutxienez Bergarakoa izatea da. 16 urtetik gorako adin txikikoek ere entsaiatu dezakete, behar duten bakarra gurasoen baimena da.

Entsaiatu nahi duten pertsonak elkartearen kide izatera pasatzen dira, eta hilero 5€-ko funtzionamendu kuota bat ordaintzen dute mantenu gastuei aurre egiteko.

Arloa: