Joan den abenduan zabaldu zuen Udalak Seminarixoa, Bergarak aspalditik erdigunean behar zuen kultura agertoki duina. Hala diseinatu eta hornitu zuen eta orain arte egin duen ibilbidearekin oso pozik dago Udala. Bergaran zegoen premiari erantzuna ematea lortu da; izan ere, herritarrek oso ondo erantzun dute, gogoz etortzen dira Seminarixora antolatzen diren kultura emankizun anitzekin eta anitzez gozatzera.

Urtarrilean lehen sei hilabeteko programa aurkeztu zen; haiei bidean beste batzuk ere gehitu zaizkie eta eskaintza oparoa izan da. Gabonetan programatu zirenak zenbatu gabe, urtarriletik maiatzera bitartean 50 emankizun izan dira lau pareta hauen artean. 19 musika emanaldi, helduentzat 4 antzezlan, haurrendako 9 emanaldi, 14 hitzaldi, 3 dantza emanaldi eta bertso saio bat. Argi eta garbi, eskaintza ahalik eta anitzena bermatzen ahalegindu da Udala, eta horra emaitzak.

Bestalde, aipatutako ikuskizun horietatik 5 arte eszenikoa lantzen duten Bergarako talde zein artistenak dira. Izan ere, Seminarixoaren sorreratik oso argi izan du Udalak Bergarakoek ere lekua izan behar dutela. Herriarekin eta herriarentzat. Emanaldi horietan guztira 3.997 ikusle izan dira; 142 lagun bataz beste. Hizkuntzari erreparatzen badiogu, horietatik guztietatik helduen antzezlan bat eta Goienagusik eta Atzegik antolatutako hitzaldietatik 8 izan dira gaztelaniaz. Gainontzeko guztiak euskaraz izan dira. Gastuei dagokionez, artisten cachet eta dietak guztira 49.980 euro izan dira.

Urria-Abenduko programa

Bergarak behar zuen halako agertokia, eta publiko guztiarentzako moduko eskaintza lantzen jarraitzen du Udala. Prezio politikari dagokionez, orain artekoarekin jarraituko du: helduen musika, antzerki eta bestelako diziplinen ikuskizunek 8 euroko sarrera izango dute; eta umeendako ikuskizunek 4 eurokoa. Jakin badakizue sarrerak Seminarixoko txarteldegian jartzen direla salgai aurreko hilabetetik aurrera ostegunetan 18.00etatik 20:00etara; eta aukera izaten dela baita ere emanaldia hasi baino ordubete lehenago. Eta, horrekin batera, eskuragarri daude ticket.kutxabank.es plataforman.

Bestalde, Seminarixoa Sarea izeneko antzokien plataforman sartuta dago; eta horri esker bertako ikuskizunek sona handiagoa izateaz gain, zenbait artista eta konpainia merkeago ekar ditzake. Horretaz gain, Seminarixoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jasoko du urte honen amaierarako.

Etxeetan buzoneatu

Urritik abendura arteko gida iraila bukaeran Bergarako etxe guztietan banatuko da. Bertan Seminarixoan egingo diren ikuskizunez gain, udal pilotalekuko eta Santa Marinakoak ere jasota daude. Urritik abendura bitartean 24 emanaldi izango dira; horietatik 2 Santa Marinan, 3 udal pilotalekuan eta 19 Seminarixoan. Horietatik musika izango da nagusi (13 emanaldi), haurrentzako 5 ikuskizun izango dira, 5 antzezlan eta dantza emanaldi bat. Eta horietatik guztietatik 8 arte eszenikoa lantzen duten Bergarako talde zein artistenak. Hizkuntzari dagokionez, emanaldi bi izango dira gaztelaniaz. Beste guztiak euskaraz.

Hemen programa osoa: seminarixoa2018negua_baja.pdf