Gaur, osteguna, inauguratu da Larramendiko industriagune berria. Ekitaldian parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapia, Bergarako alkate Elena Lete, SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alex Arriola, Sprilur-eko zuzendari Txaber Ouro eta Bergarako udal gobernuko kide Mari Carmen Barrenetxea.

Larramendiko industriagunea 380-510m² bitarteko azalera duten 17 pabiloik eta 3 solairuko eraikin komertzial bat, 81 m²-tik gorako bulegoekin, osatzen dute. Lanak 11 hilabetean gauzatu dira eta Sprilur-ek 3 milioi euroko inbertsioa egin du.

Dagoeneko 12 bat enpresak agertu dute interesa instalazio horietan kokatzeko. Konpainiek hainbat formula izango dituzte lokalak eskuratzeko, esaterako salerosketa zuzena, errentamendu sinplea, hiru urteko alokairua erosketa eskubidearekin, eta epe luzeagorako finantzazioa duten kontratuak (9, 12 eta 15 urte).

Eraikin bien eraikuntzan eta akaberan erabili da aurrez fabrikatutako hormigoi armatua, bai egituran, bai eta hormetan, eta panel arkitektonikoak erabili dira eraikin komertziala forratzeko. Teilatuak Deck motakoak dira, eta zolarriak 20cm lodiko hormigoi armatuzkoak.

Arantxa Tapia sailburuak goraipatu du Larramendi eta eredugarritzat hartu du "azpiegitura moderno eta energetiko" gisa. Eusko Jaurlaritzak enpresen sorkuntza eta garapena sustatzen jarraituko duela azpimarratu du.

Elena Lete alkateak nabarmendu du Larramendiko industriagunea eginda ikustea oso pozgarria dela Bergararentzat eta bailara osoarentzat. "Hasieratik Udalak apustu irmoa egin du, SPRILURekin batera, gure enpresentzat instalazio onenak eta modernoenak eraiki, eta ekintzaile zein enpresei instalazio hauek erostea edo alokatzea errazteko. Bultzada hori behar dutela oso argi dugu. Eta emaitza begi bistan dago; merezi izan du ahaleginak zalantzarik gabe".

Era berean, gogora ekarri du industriagunea egiteko lanean hasi zirenean krisi garaiak zirela eta apustua izan zela, baina pauso sendoak emanez indartsu eta sasoitsu gaudela orain, gure onena ematen. Hori islatu nahi izan du; baikortasunez begiratu behar diogula orainari eta etorkizunari.