Labegaraietako kiroldegia azpiegitura estrategikoa da auzoarentzat eta herriarentzat. 80ko hamarkadan berreskuratu zen eta ordutik zerbitzu handia eman du esparru askotan: aisialdian, auzoan eta kirolean.

2016an auzotarrekin eta kirol taldeekin luze batzartu eta kiroldegia bera eta ingurua berrituta zer aukera zabaltzen ziren aztertu genuen parte-hartze prozesu baten bitartez. Azpiegiturari eta inguruari buelta handia ematea erabaki zen.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz laguntzea onartu zuen. Lanak izango duen ia miloi euroko aurrekontutik ia 600.000 euro emango ditu.

Hala, 2016an Plan Zuzendaria egin genuen; 2017an Aurreproiektua; aurten proiektua idatzi dugu, eta 2019an lanak hasiko dira.

2019an biltegia botako da eta eraikin gehigarri bat eraiki.

2020an kiroldegian kantxa berria egingo da, sarrera berrantolatu, komunak eta taberna birkokatu, igogailua jarri eta erabilera anitzeko bi lokal sortuko dira (bata auzotarrentzat eta bestea kirol taldeentzat). Horrez gain, rokodromoa handitu eta itxitura jarriko zaio, besteak beste.

Ziur gaude interbentzio garrantzitsu honekin irisgarritasuna hobetzeaz gain, auzoarentzat eta herriarentzat aisialdi gune estrategiko eta erakargarri bat irabaziko dugula, kiroldegia berrituta eta honen inguruan egingo diren aktuazioekin.

Labegaraietako kiroldegiak apenas izan du interbentzio garrantzitsurik 80ko hamarkadatik, eta oso erabilia izan da beti.

Hala nola, kirol federatuan honako taldeek erabiltzen dute:

-Eskubaloia.

-Saskibaloia.

-Hockey eta Irristaketa.

-Gimnasia Erritmikoa.

-Piraguismoa.

-Eskalada.

Horrez gain, Eskola Kirolerako ere erabiltzen da.

Eta, tarteka, izan ditu beste hainbat erabilera, berreskuratu ahal direnak: Gabonetako parkeak, kontzertuak, selektibitate azterketak, gimnasia klaseak, ikastetxeen ekintza desberdinak...

Auzotarrendako, kirol taldeendako eta orohar edozein herritar edo elkarterendako aukera desberdin asko zabalduko dira kiroldegia eta ingurua berritu ostean.

Alboan daukat arkitektoa eta, nahi izanez gero, berak emango dizkizue azalpen teknikoak.

Eranskinak: