Seminarixoa kultura agertokiak ateak 2017ko abendua bukaeran ireki zituen Gabonetako programazioarekin. Horren ostean, 2018ko urtarrila hastearekin batera programazio iraunkorra izan du. Programazioa urtarriletik maiatzera eta irailetik abendura bitartean gauzatu da, udako hilabeteetan kultura ekitaldiak kalean egin direlako.

Seminarixoko programazioaren informazioari zabalpena emateko bi eskuorri atera dira, eta gaur hirugarrena aurkeztu da. Horiek guztiak ikusgai daude Udaleko webgunean Seminarixoa atalean.

Epe honetan guztira 74 ekitaldi antolatu dira: 14 ikuskizun haur eta gaztetxoentzat, 53 helduentzat eta 7 gazteei zuzendutakoak

• 16 antzezlan

• 29 musika kontzertu (akustikoa, rocka eta musika klasikoa)

• 5 dantza emanaldi

• 3 bertsolaritza saio

• 19 hitzaldi.

Hauetatik:

o 2 kattalin elkarteak antolatuta

o 1 San Joxepek

o 1 Atzegi

o 1 Bergarako udala

o 14 Goienagusi 

Bestelakoak 2 emanaldi: Koldo Eleizalde lehiaketako sari banaketa eta Goienagusi ikasturte haserako aurkezpen ekitaldia

Ekitaldietara 5.395 ikusletik gora joan dira. Horrez gain, kopuru honetatik kanpo gelditzen dira Goienagusi, San Joxepe, Kattalin eta Atzegik antolatutako hitzaldietara etorri direnak.

Ikuskizun jendetsuenak Izaroren kontzertua, 'Etxeko Saltsak' antzezlana, Aitor Borobiaren ‘Punkowsky’ antzezlana eta Erramu Zapatu bezperako bertso jaialdia izan dira.

Hizkuntzari dagokionez, Udalak antolatutako ekitaldi ia gehienak euskaraz izan dira. Salbuespenak dira gaztelaniaz egindako hiru emanaldi (2 antzezlan eta 1 Eneko Landabururen hitzaldia).

Bergarako kultura eragile eta taldeek ere gero eta protagonismo handiagoa hartzen dute. Bertan parte hartu dute dagoeneko: Orfeoi Gaztea, Orfeoia, Goiko Rock, Aritzeta, San Joxepe, Musika eskola eta Txistulari Bandak.

Gastuei erreparatuta, programazioa gastua 74.000€ (SGAE barne) izan dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko Sareatik 11.900 euroko dirulaguntza jaso du Udalak. 2017an ere jaso zuen laguntza, eta 2019an ere jasoko du seguruneik.

Hori guztia esanda, Udaletik balorazio oso ona egiten dugu Seminarixoaren orain arteko ibilbidearena. Antolatutako emanaldiek oso erantzun ona dute, gero eta ikusle gehiago datoz. Bergarako kultura talde eta sortzaileen parte-hartzea ere gero eta handiagoa da; eta, era berean, programazioa gero eta anitzagoa, diziplina eta estilotan.

Urtarriletik maiatzera arteko programazioa

Orain Seminarixoko programazioarekin lotutako hirugarren liburuxka daukagu esku artean, urtarriletik maiatzera bitarteko epea hartzen duena eta dagoeneko etxez etxe buzoneatu dena.

Guztira, 27 emanaldi izango ditugu diziplina askotarikoak. Hemen programa osoa: seminarixoa_urtarrila-maiatza.pdf

10 musika kontzertu antolatu ditugu: horien artean, badira pasa den astean egindako gospel kontzertuak, eta baita ere rocka, pop-a, jazza eta beste. Izenak hor dituzue: Eñaut Elorrieta, Olatz Zugasti, Xabi Bandini, Nomadak...

Haurrendako ikuskizunei dagokionez, 7 emanaldi ditugu programatuta; horien artean Go!azen-en lau saio, Pirritx eta Porrotx-en ikuskizuna udal pilotalekuan, besteak beste.

Antzerkiak ere badu bere tartea, jakina, 4 emanaldirekin. Horien artean, arrakastatsuak diren Ghero, Erlauntza, Txarriboda...

Berrikuntza gisa, errezitaldiak ere ekarriko ditugu, hiru guztira, Mixel Ducau parte den ‘Adi-adi, izan hadi!’, ‘Martuteneko kartzelan’ Bernardo Atxaga eta Jose Kruz Gurrutxagaren eskutik...; Andoni Egañak gidatutako ‘Eta zer gehiago?’.

Horrez guztiaz gain, bi bertso jaialdi izango dira Seminarixoan: Erramu Zapatu bezperakoa dagoeneko klasikoa dena, eta horrez gain, Gipuzkoako Bertso Txapelketako aurre kanporaketa.

Sarrerak eskuratzeko

Hilabeteko lehen ostegunetik aurrera eskuratu ahal dira hurrengo hilabeteko emanaldi guztien sarrerak. Horretarako bi bide daude: www.ticket.kutxabank.es plataforma bidez on line edo Seminarixoko txarteldegian ostegunetan 18:00etatik 20:00etara bitartean.

Go!azen 5.0 ikusteko 4 emanaldi 

Otsailaren 2an eta 3an Seminarixoan egingo diren ‘Go!azen 5.0’ ikuskizunaren 4 paseetarako sarrerak ostegun honetan jarriko dira salgai. Emanaldiak otsailaren 2an, zapatua, 17:00etan eta 19:00etan; eta igandean, otsailak 3, 12:00etan eta 17:00etan izango dira. Photocalla jarriko dute lehen emanaldian izan ezik beste guztietan; hortaz, larunbateko lehen saiora etortzen direnek aukera izango dute sarrera erakutsita bigarren saioaren ostean joateko. +ç

4 emanaldi horietarako sarrerak ostegun honetan, urtarrilak 10, jarriko ditugu salgai 18:00etan betiko bi bideen bidez: ticket.kutxabank.es plataforma bidez edo Seminarixoko txarteldegian.

Arloa: