Azken egunotan izan diren euriak direla-eta udalerrian hiru bat puntutan lurjausiak egon dira ostiral iluntzean: Bolun, Miguel Altuna Lanbide Heziketa alboan eta baserri-bide batean.

Miguel Altuna alboan izandako lurjausi txikia eta baserri-bidekoa Udalak oraindik ez ditu %100ean garbitu, Boluko lurjausiari lehentasuna eman diolako.

Boluri dagokionez, azken bi urte hauetan jarraipen protokoloa egin dute INGEKek eta Udalak, eta iraganean lurjausia eman zen puntuan sarea ere ipini zuen Udalak bizilagunen segurtasuna bermatzeko. Horrez gain, hilabetero informea egiten da edozein egoera aurreikusteko.

Hala, egunotan egindako euri demasa dela-eta ur eta lur dezente mugitu da, baina sareak bere segurtasun helburua ondo bermatu du; Udalak jarritako sarean lurra pilatu egin da.

Dena dela, Udalak erabaki du inguru horren kudeaketa egokiena egitea eta, horretarako, bertako sareko lurra kendu eta jarraipen zehatza egiten dabil, sareak bere funtzioa ondo betetzen jarraitu eta eraginkor izaten jarraitu dezan.

Horrekin batera, Udalak eskatu du, badaezbada, puntu horren gainetik, trenbide zaharretik, ez pasatzea eta ipinitako hesiak eta oharrak errespetatzea.