Bergarako Udaleko Talde Politikook honako adierazpen hau egin nahi dugu: Bergarako Udalak irmotasun osoz gaitzetsi eta bere samina agertu nahi du bart Bilboko Etxebarria Parkean izandako eraso matxistagatik. Ekintza horrek osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa izateaz gain, giza-eskubideen haustura larri eta jasanezina dakar berez. Udal honek horrelako ekintzak arbuiatu eta ulertezintzat jotzen ditu. Halaber, emakumeari baita gertukoei ere, gure babesa helarazi nahi diegu.

Eraso sexual eta sexistek gizartean eta gure bizimoduan, arlo pribatuan zein publikoan, ematen den indarkeria matxista islatzen dutela gogorarazi nahi die Bergararrei. Ildo horretan, emakumeentzat errespetuzkoak ez diren mota guztietako jokabideak arbuiatzen ditu, keinu zein jarrera sexistak eta muturreko erasoak barne hartuta.

Hori dela eta, Bergarako Udalak berdintasunaren aldeko gizarte zuzena lortzeko duen konpromisoari lotuta, edonolako eraso sexistei aurre egiteko deia luzatzen die herritarrei eta, aurrekoaren ondorioz, inolako tolerantziarik ez agertzera eta ekintza horiek zigorrik gabe ez uztera gonbidatzen ditu. Guztiok azaldu behar dugu emakumeen aurkako indarkeriaren edozein agerraldiren kontra. Horretarako, ekintza horiek salatu behar ditugu, ez ditugu baimendu behar eta haien aurrean ezin gara isildu; aitzitik, gure babesa erakutsi behar diegu jasaten dituztenei, hitz batean, banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean. Bergarako Udalak eraso horiek gaitzesteko ekintzetan parte hartzera gonbidatzen ditu bergarar guztiak.

Bergaran, 2019ko abuztuaren 2an.

EAJ-PNV

SOCIALISTAS VASCOS

EUSKAL HERRIA BILDU-EH BILDU