Euskal Herritik jira eta bira dabil Nomadak-“El trenico” egitasmoa. Mundu osotik etorritako artistek osatzen dute taldea Euskal herriko parte hartzaileekin batera. “Iraganaren eta etorkizunaren arteko lokarria izan nahi duen proiektu bat da hau, sorkuntza artistiko eta kultur kudeaketaren bitartez; memoria berreskuratzeko xedea dauka proiektuak, Vasco Navarro trenbideen historia orainarekin elkartzekoa, bide berdearen bidez”, nabarmendu du Iñaki Landa proiektuko koordinatzaileak.

Bergarako kasuan, ibilbidearen geldiune garrantzitsuenetako batean, bi margolan egingo dituzte nazioarteko artistek: bata Ertzain Etxearen azpian; eta bestea tunel honen sarreran. Bat Irantzu Lekuek egingo du; eta bestea Esteban Loeschborrek. 

“Ideiaren berri izan genuenean oso interesgarria iruditu zitzaigun Vasco-Navarro izan zenaren garrantzia aldarrikatzeko ekimena. Are gehiago, gure ondarea izan dena bisibilizatzea artearen laguntzarekin”, azpimarratu du Bergarako Kultura zinegotzi Kristina Markinak. “Ongietorriak izan daitezela gaur egungo belaunaldiei atzera begiratzea errazteko gaitasuna duten halako ekimen irudimentsuak”.

Horretarako, historia eta gaurkotasuna lotuko dira, hainbat eremutako proposamen artistiko –indibidual eta kolektiboen– arteko lankidetzaren eta hibridazioaren bidez. Antzinako burdinbideak eta egungo bidegorriak: Euskal Herriko kultura-ondareari balioa emanez, Euskal Herria bera korritzen. Guztia, ekintza artistikotik abiatuta sortzeko eta antolatzeko edota gizartearekin harremanak edukitzeko formula berriak eratu nahi dituzten sortzaileen talde baten bidez. “Egoitza artistikoko proiektua da, bizikletan eta bidean eratzen dena. Nomada izango da; Azpeitiko Dinamon aurkeztu zena, Burdinbidearen Euskal Museoan hasi, eta Iruñean amaituko dena, dozenaka udalerritatik igaro eta horietako batzuetan artistikoki esku hartu eta gero”. “Street art-a adierazpenen bidez burdinbidearen bestelako historia bat kontatu nahi dugu, gaurkotua, eguneratua, garaikidea”, esan du.

Hainbat herritatik igaroko da; hala nola, Azpeitiatik, Bergaratik, Arrasatetik, Aretxabaletatik, Eskoriatzatik, Landatik, Gasteiztik, Maeztutik, Kanpezutik, Lizarratik eta Iruñatik (azken horretan amaituko da). Hainbat eremutako proposamen artistiko indibidual eta kolektiboen arteko lankidetzan eta hibridazioan oinarritzen da, eta El trenico-ren inguruko kontakizun berri bat sortzeko nahiak eta ekintza artistikotik abiatuta sortzeko eta antolatzeko edota gizartearekin harremanak edukitzeko formula berriak bilatzeko nahiak elkartutako sortzaileak ditu bidelagun.

“Eusko Jaurlaritzaren Bitartez 2019 deialdiaren babesa jaso genuen eta udalerrien babesa jasotzen joan gara gero. Udalerriek artisten egoitza, materialak eta otorduak jarri dituzte eta programa burutu ahal izateko euren laguntza behar beharrezkoa izan da: oso eskertuta gaude”, azpimarratu du Landak. Ez hori bakarrik, artista eta kultur talde ezberdinek eskaini dieten babesa eskertu dute Nomadak egitasmoko arduradunek.

Mundu osoko artistak

Jens Besser, Veronica Serón “Bronik”, Belen Robeda, Tomas Facio, Esteban Loeschbor, Yone Estivariz eta Elisa Battiston dira aukeratutako artistak.

Irantzu Lekue: 1987an jaiotako artista multidiziplinarra. Margolanak, eskulturak, bideoarte lanak nahiz instalazio artistikoak lantzen ditu. Artibismoa du ezaugarri, salaketa oinarri. Sari garrantzi handikoak irabaziak ditu, eta esaterako, horien artean dira Santander Fundazioaren Videotalentos Saria, Canal Fundazioaren Argazki Memoriak Saria, eta 2016ko Welcome Donostia. Iralekue.com-en ageri dira artibista honek egindako hainbat lan. ARTgia Sorgunean ari da gaur egun, zenbait lagunekin batera. Egun erakusketa du martxan -azaroaren 8a bitartean- Tesalonikan, Grezian. Horma irudigintzaren alorrean ibilbide luzea du. Tartean, Gasteiz, Bilbo, Usurbil edo Madrilen aritu da lanean. Bere azken proiektua Bartzelonako CIBAn aritu da -feminismoa lantzeko proiektu aitzindaria- bost pisutako horma irudia egiten. Bergarakoaren ostean burutuko duen hurrengo proiektuan Argentinan burutuko du. 

Jens Besser: 1982an Alemanian jaiotako muralista da Jens, Dresden hirian. 2008an arte ederretan lizentziatu zen eta 2009an hasi zen bere obra muralistarekin. 10 urte daramatzala bere bizikletarekin munduan zehar esan daiteke, inspirazio eta pareta berrien bila. Hainbat lekuetan lanean ibili izan da: Ameriketan, Europan eta Asian zehar. Artista nomada bat bezala ikusten du bere burua. Verónica Seron (“Bronik”): Bronik, Peruko artista da, baina Bartzelonan bizi ohi da. Liman, bere jatorrizko hirian, hasi zen margotzen 2009an. Spray-a eta akrilikoa dira normalean gehien erabiltzen dituen materialak, bai formatu hanian, bai txikian. Kolorez beteriko pinturak sortzen ditu, animalia eta naturarekin harmonian. Gaur egun, bere lana hiri anitzetan ikus daiteke, hala nola, Liman, Venezian, Lisboan, Bristolen, Balin, Londresen etab. Beti mugitzen dabil eta egoten den lekuetan bere pertsonaren zatitxo bat uzten saiatzen da.

Belén Robeda: Belén Robeda Arte Plastikoetan irakaslea da, pintura eta eszenografiara zuzendua. Buenos Airesen (Argentina) UNLPan Arte Ederretan lizentziatu zen eta Sevillan Ikuskizun artearen Masterra ikasi zuen. Bere praktika artistikoak produkzio piktorikoan, eszenografikoan, marrazkizko, bideozko, performanceak, instalazio eta prozedura anitz eta interdisziplinarioak hartzen ditu baitan. Azken urteotan lehiaketetan, ikerketetan, festibaletan eta erresidentzia artistikoetan parte hartu du.

Tomas Facio: Tomás Facio, 1990an jaio zen Merlon, Buenos Aires (Argentina). 2013an, UNAn —Universidad Nacional de las Artes — hasi zituen arte ikasketak, grabatu eta marrazkilaritzan barrena. Erreferentzia gisa Alberto Durero, Gustave Doré, Goya eta Anders Zornen teknikak ditu. 2014an ere, muralak margotzen hasten da, bere lana Merlora (Buenos Aires), Valparaísora (Chile), Zaragozara eta Euskal Herrira hedatuz. Era askotariko bitartekoak jorratzen ditu: mural txikiak eta handiak; mihise gaineko pinturak; eta marrazketa eta ilustrazioa tinta txinatarrez landuak. Azkenik, grabatuaren teknikak erabiltzen ditu gero hauek paretara eramateko, muralismoa beste dimentsio batera eramaten. 

Estebann Loeschbor (PESK): Esteban Loeschbor, PESK bezala ezagutua bere kaleko artista eta marrazkilari perfila dela eta, Cordoban jaio zen, Argentinan 1958ean. Bertan Diseinu industriala ikasketan gauzatu zituen, non sormen-pozesuak egitaratzen ikasi eta bere irudikapen eta komunikazio bisualen inguruko trebetasunak indartu zituen 15 urte baino gehio darama kaleak kolorestatzen, azken hirurak Europan, artista nomada izatearen ametsa betetzen ari da.

Yone Estivariz: 1988an jaiotako artista gasteiztar bakarra dugu Yone Estivariz. Fotografian aritu izan da begiratzetik behatzera pasatu zenetik, argiaren zentzua bidai- kide bezala ulertu zuenean. 2008an Arte ikasketak egiten hasi zen Gasteizen Arte eta Lanbide eskolan eta ID arte Gasteizen ere. Hainbat erakusketa indibidual eta kolektiboekin, haien artean oso ezberdinak diren lekuetan, hala nola Vitoria-Gasteiz, Madril, Tarazona, Londres eta abar. Aipagarriena Sala América-n egindako “Metamorfosis” erakusketa da 2017an gauzatua.

Elisa Battiston (“Secle”): Secle artista italiarra da. Gizarte hezkuntzan gauzatutako ikasketak eta kaleko artearekiko duen zaletasunak, bere pertsonaiei bizitza ematen dieten konbinazioa da, kaleak hartzen eta freskotasunez eta kolorez betetzen dituztenak. Espezialitate gisa "pasteups" famatuak ditu, hau da, paperez, errotulkiz eta akrilikoz sortutako poster original eta bakarrak, kaleetan itzazteko helburua dutenak. Bere sorkuntzak keinu atsegin eta baikorrak dira, mezu positibo eta adore-emaile bat transmititu nahi dutenak Sorkuntza artistikorako eta pertsonak antolatzeko kudeaketa-eredu berriak bilatzen ditugu, eta parte-hartzea ezagueren hedapen askearen bidez sustatzeko bideak indartuko dituzten estrategia berritzaileen alde egiten dugu lan, sortzaile gisa ditugun baliabideak osatuz, elkarrekin eta elkarlanean lan eginez, eta diziplina anitzeko baliabideen truke-zikloak sortuz sortzaileen eta gizartearen artean, ekintza bateratutik abiatuta.

Arloa: