Osoko bilkurak 25.251.152 euroko aurrekontua onartu du 2020rako, iazkoa baino % 5,57 handiagoa.

Aurtengoan 4.122.011 euroko inbertsio gaitasuna izango du Udalak; eta horri gehituko zaio Gerakinetik bideratu litekeena.

2020ko aurrekontuak herritarren premiei erantzuten dieten aurrekontuak dira. Sozialak, aspaldian herriko alor desberdinetan herritar eta eragileek egin dituzten eskaerei erantzuten dietenak, berdintasun politikak eta auzoak erdigunean jartzen dituztenak.

Udalak etorkizuneko Bergara herritarrekin batera lantzeko baliabideak lehen planoan jartzen dituen aurrekontuak dira. Etorkizuneko Bergara definitzeko plan estrategikoa garatu eta herritarrak saretzeko proiektuak batzen dituena: Herri hezitzailea eraiki, ortu komunitarioetan elkarlanean aritu edo ingurumenaren inguruko helburuak eta ekintzak elkarrekin definitzeko Agenda 2030 martxan jarriko da. Ildo berean, Mugikortasun Jasangarrirako plana aurrera aterako da.

Horretaz gain, aurrekontu hauetan, Udalak, beharra zeuzkaten hainbat eskaera jaso ditu:

Eraberritze beharra duten kaleen berrurbanizazioa, eskola publikoen eraikinetan berrikuntzak, kirol azpiegiturak berritu eta hobetzea, herritarren eta txakurren arteko bizikidetza errazteko baliabideak, kontratazio publikoetan irizpide etikoak ezartzea (sozialak, ingurumenekoak, berdintasunekoak, hizkuntza irizpideak…), etxebizitza premiei erantzunak bilatzea, besteak beste.

 

KONTRATAZIOAK

Kontratazioei dagokionez, energia horniduraren kontratazioa bideratu behar du Udalak eta horietan ingurumen irizpideek berebiziko garrantzia izango dute.

BERDINTASUNA

Berdintasun politikatan indar handia jarriko du Udalak. Hala, 133.000 euro bideratuko dira politika horietara, aurrekontu osoaren %0,53 hain zuzen ere, Administrazioak helburu moduan finkatutako %1era gerturatuz eta iazko %0,32 gaindituz.

Horren baitan daude, besteak beste, Udalak berak alor horretako teknikari bat udal plantillan barneratzea jardun osoz. Baita ere, herrian eragiteko hainbat programen diseinua eta garapena, zein Udal barruan ere berdintasuna bermatzeko baliabideak jartzea. Eta, horiez gain, eragileei eremu horretan aurrerapausoak emateko dirulaguntzak ere. 

HERRI HEZITZAILEA

Hezkuntza formalaren eremutik kanpo ere, hezitzaile diren balioak eta haurren begirada kontuan hartuta, Bergara herri hezitzaile bihurtu nahi da.

4.000 euro bideratu dira eredu honen hastapenerako.

JOLAS PARKEAK

Herri Hezitzailearen ildo beretik herrian dauden jolas parkeak hobeto hornitzeko edo berriak egiteko 100.000 euroko partida onartu da.

AUZOAK

Auzoetako birgaitze prozesuetarako partida berri bat sortu da, 30.000 eurokoa.

Auzoetako jaietarako dirulaguntzak handitu dira: 33.000 euro, iaz baino 5.000 euro gehiago.

Eta auzoetako jaietako ekintzen azpiegituretarako 10.775 euro bideratu dira; iaz baino 7.000 euro gehiago.

INGURUMENA

Udala Agenda 2030 egitasmoan barneratuko da Bergara jasangarriago eta hobe baten alde irmotasunez lan egiteko.

Mugikortasun Jasangarriaren plana ezinbestekoa da herritarrok behar dugun herria definitzeko eta birsortzeko.

Testuinguru berean Udalak apustua egin du ortu komunitarioak martxan jartzeko. 140.000 euro bideratu ditu.

TXAKUR GUNEAK

Aspalditik datoz herritarren eta txakurren arteko bizikidetza desorekak eta gaiarekiko herritarren artean dauden sentsibilitate anitzak. Gai honi heldu eta espazioa partekatzea errazteko baliabideak jarriko dira.

ESKOLA PUBLIKOEN ERAIKINAK

Eskola publikoen eraikinetan hobekuntzak egingo dira: besteak beste, Haurreskola publikoko sarrerako aterpea jarriko da.

ETXEBIZITZA PREMIA

Herrian hutsik dauden etxebizitzak alokatzera ateratzeko programa bat aztertu eta martxan jartzeko 50.000 euroko partida ireki da.

Horrez gain, gazteen emantzipazioan eragiteko bidean, alokairuak ordaintzen laguntzeko 35.000 euro onartu dira, iaz baino 5.000 euro gehiago.

ZUBIETA ERABERRITZEA

Berritze premia handia duen ingurua da Zubieta, Bergarako sarrera den ardatza. Aurten, aurretik idatzitako proiektua auzotarrekin landuko da, azken ukituak eman eta urte amaierarako lehen fasea exekutatzeko moduan izango da. 200.000 euroko partida onartu da. 200.000 euro horiei gerakineko 900.000 gehituko zaizkie, lehen faseak eskatzen duen 1.100.000 euroko aurrekontua hornitzeko.

KIROL INSTALAZIOEN HOBEKUNTZA

Asko dira Labegaraieta kiroldegia erabiltzen duten klub eta herritarrak. Egokitze proiektu hau beharrezkoa da, eta horri esker asko hobetuko da Labegaraietako kirol zerbitzuaren kalitatea. 1.647.860 euroko izendapena dauka, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduta daude hein batean.

Bergarako Kirol Elkartearekin Udalak duen hitzarmenean hartutako konpromisoak betetze aldera Agorrosineko zelai berria eta ingurua eraldatzeko proiektua idazteko 54.450 euroko partida bideratuko da.

Aipatutako lanez gain, 2020an udal pilotalekuaren aldagelak ere berrituko dira.

EUSKARA

Gerra osteko euskalgintzari buruzko ikerketa egiteko baliabideak jarriko dira; Euskaraldiaren bigarren ediziorako ere baliabideak jarri dira.

KULTURA

Kultura ekintzak indartzeko asmoa dauka Udalak. Horren adibide da zinekluba; eta bertan hasitako bidea jarraituz, Udalaren nahia da ahal den heinean esparru guztietan herritarren aportazio eta parte-hartzea indartzea. 320.000 euroko partida onartu da, iazkoa 306.000 euro izanik.

Herriko sortzaileen proiektuak laguntzeko kultura sormen beka jarriko da martxan. 5.000 eurorekin abiatuko da.

TURISMOA

Bergarak erakusteko duena indartu eta balioan jartzeko ahalegin gehiago egin nahi du Udalak. Horregatik Turismo Plana gauzatuko du, 30.000 euroko partidarekin. Eta plan hori osagarria izango da Debagoieneko Mankomunitateak landuko duenarekin.

SUSTAPEN EKONOMIKOA

Ezinbestekoa da Bergararen oraina eta etorkizuna sakonean birpentsatzea. Horretarako datuak batzen dihardugu, azterketa sozioekonomikoa egin da, PERCOaren garapenetik merkataritza eta zerbitzuen arloko ildoak markatuko ditugu, Plan Estrategikoak herri mailako norantza bat ezarriko digu, eta Enplegua sustatzeko azterketak lan merkatuan eragiteko giltzak argituko dizkigu.

Horietan definitutako ekintzak aurrera ateratzeko baliabideak ere txertatu dira aurrekontuan: Sustapen ekonomikorako inbertsioa 150.000 eurokoa da.