Gaur arratsaldean presazko Bozeramaile Batzordean bilduta Bergarako udal korporazioko taldeok Covid19aren birusaren hedapena sortzen ari den egoerari aurre egiteko jarraipen mahai berezi bat osatzea erabaki dugu. Egoera honek arduratik erantzutea eskatzen du eta guztion konpromisoarekin egoeraren jarraipena egin eta erabakiak konpartituko ditugu oraingoz eguneroko maiztasunarekin elkartuko den mahai honetan.

Hezkuntza eremuan jarduera guztiak eteteko hartutako erabakiaren aurrean eta Bergararren osasuna babesteko helburuari irmo helduz, bihartik, martxoaren 13tik, aurrera herritarrei bideratutako udal zerbitzu gehienak itxita egongo dira Bergaran.

Modu honetan langileak babesteaz gain egoera honen aurrean jasotako gomendioei kasu egin eta pertsona pilaketak eta transmisio fokuak ekiditea da helburua, Covid19 birusaren hedapena murrizteko.

Helburu berberarekin bertan behera gelditu dira datozen egunetarako Udalak antolatuta zituen ikuskizun eta ekimen guztiak eta neurri bera hartzea gomendatzen die Udalak oraindik halakorik erabaki ez duten elkarte edo talde antolatuei, barrura zein kanpora begirako ekintzetan.

Herritarrak artatzeko behar-beharrezkoak diren udal-zerbitzuak ziurtatuta egongo dira eta honela Bergararren Arreta Zerbitzua eta Gizarte Zerbitzuetako arreta irekita egongo dira, hauetan ere herritarren eta langileen osasun segurtasuna bermatzeko hainbat osasun neurri hartuko dira. Era berean Udaltzaingoak berain jarduna moldatuko du, sortzen diren behar bereziei erantzuteko. Gainerako udal-langileek ohiko lan jardunarekin jarraituko dute, herritarrik artatuko ez duten arren.

Neurri eta gomendio berrien zabalpena ohiko bideetatik egingo da: sare sozialak, webgunea, atariz-atariko oharrak, komunikabideak…

Denon hobe beharrez hartutako neurri hauek ulertuko dituzuelakoan.

Bergarako Udaleko Bozeramaileen Jarraipen Mahai Berezia.