Udalak 'Herriko komertzioa Bergararekin, Bergara herriko komertzioarekin' kanpaina jarri du martxan egunotan. Horren helburua da Udalak eta herriak herriko komertzioari merezi duen esker ona eta balioa ematea, Covid19 birusa gehiago ez hedatzeko egindako ahaleginagatik eta egunerokoan herriari ematen dioten guztiagatik.

Kanpaina horren baitan Udalak komertzioetako kideei gonbidapena egin die bergararrei zuzendutako mezuak bidaltzeko; eta horiek guztiak zabaltzen hasia da Udala bere sare sozialetan (facebook, twitter eta instagram). Orain arte herriko 20 negozio animatu dira bideo bitartez mezuak grabatzen. Komertzianteek uste dute guztion artean aurrera egingo duela Bergarak eta guztioi alea jartzera animatzen gaituzte.

Horrez gain, Udalak gonbidapena luzatu nahi die herritar guztiei beraien negozio kuttunak direnei elkartasun mezuak bidaltzeko eta balioan jartzeko. Horretarako Googlemaps aplikazioa baliatuko da. Bertan negozioa edo negozioak aukeratu eta 'Reseñas' atalean aukera dago negozio horiei zuzen-zuzenean idazteko eta bost izarreko puntuazioa jartzeko.

Kanpaina erantzun ona jasotzen ari da, bai komertzianteen zein herritarren aldetik.