Bergarako Udalak bat egin du UEMAk bultzatutako ‘Bertatik Bertara’ egitasmoarekin. Euskal Herriko 70 herritan bideratuko den kanpaina hau turismoaren alorrari bideratuta dago eta herritarrak zein bisitariak sentsibilizatzeko ekimena izango da.

Gaur, astelehena, Bergaran aurkeztu den kanpaina honen baitan Udalak herriko 44 jatetxe eta tabernatan 23.000 mahai-gaineko (mantel) banatuko ditu. Horrez gain, herriko denda eta bestelako negozioetan kanpainaren kartela eta informazioa ere banatuko ditu.

Egitasmo honetan Udaleko Euskara, Turismo eta Garapen zerbitzuak lankidetzan ari dira.

Barneko turismoa indartuko den udaldi honetan UEMAk eta hainbat udalek ahalegin berezia egin dute bisitariei zein herritarrei ikusarazteko eta gogorarazteko herriak erakusteko dituen altxor guztiez gain, euskara ere baduela, gure berezko hizkuntza den altxorra.

Mahai-gaineko horietan euskarazko oinarrizko hitz eta esamoldeak bost hizkuntzatara itzulita daude. Horren bitartez euskararen presentzia indartu egin nahi da eta euskara ez dakitenei ohiturak aldatzeko baliabideak eskaini.

Horrekin batera, herriko negozioei gonbidapena egiten zaie euren lokaletako hizkuntza paisaian euskara gehiago erabiltzeko eta, bide batez, zerbitzua eskaintzerakoan ahoz ere euskararen erabilera bultzatzeko.

Informazio gehiago hemen.