Badatoz berriro Zientzia Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak, urtero Udalak eta hainbat eragilek antolatzen dituztenak. Aurtengoa gauzatzea ez da batere erraza izan, baina oztopoak oztopo, egitarau aberatsa antolatu dugu, beti ere publiko guztietara zuzendutakoa. Urriaren 14tik azaroaren 26ra artekoa izango da.

Hasieran aurtengo jardunaldiak Landareen Osasunaren Nazioarteko Urtearekin lotuta joan behar ziren eta hala hasi ginen lanean, baina Covid19ak hasierako asmoak bertan behera bota zituen.

Hortaz, pandemiaren garapenari adi, bestelako enfokea ematea erabaki genuen; eta ohartu ginen, orain inoiz baino gehiago, digitalizazioak gizartearen bidelagun behar duela izan.

Are gehiago, urtero ekintza gehienak urritik aurrera egin izan baditugu ere, oraingoan erabaki genuen hain kolpatuak izan diren herriko negozioei laguntza eta aholkularitza lehenbailehen ematea. Horregatik, uztailean, Bergara Bizi ekimenarekin bat eginda, herriko komertzio eta ostalaritzari zuzendutako digitalizazio prestakuntza saioak martxan jarri genituen.

Orain, bueltan gatoz, oso indartsu, eta aliatu berriekin. Esaterako, joan den astean, hilaren 14an, Javier Tejadaren hitzaldi arrakastatsua antolatu genuen Goienagusi-rekin elkarlanean, eta herriko ikastetxe guztien parte-hartzea ere bermatu zen. Tejada izen handiko aditua da eta energiaz eta adimen artifizialaz aritu zen. Interes handia piztu zuen hitzaldiak.

Urriaren 29an, Aroztegin, emango zaie hasiera ofiziala ZTBren 2020ko jardunaldiei. Han edo bestelako ekintzatan ikusiko gara, modu fisikoan edo on line!

Garai berri hauetan edozer antolatzea zaila da, baina egokitu gara egoera honetara ere. Esaterako, aforo mugak direla-eta, aurten ezinbestekoa izango da edozein ekitaldira joan nahi izanez gero, aurretik 943 769003 telefono zenbakira deitzea edo laboratorium@bergara.eus e-posta helbidera idaztea.

Horrez gain, egoera honen jakitun, baliabideak jarri ditugu antolatutako hitzaldi guztiak on line ikusi ahal izateko. Horretarako modua aurkituko duzue jardunaldi hauen gaineko informazio guztia batzen duen www.ztbergara.eus webgunean.

Bestalde, aurtengo aldaketa bat bada Wolfram Encounterra ez dela egingo. Horren ardura izan ohi duten taldeei antolatzeko aukera luzatu zitzaien, baina Covid19 alarma egoeraren aurrean gazte asko pilatzea ekiditeko erabaki da aurten ez antolatzea.

Baina, horrez gain, interes handiko hitzaldi eta jarduerak batu ditugu:

-Zazpi hitzaldi: Energia, Sendabelarrak, Emakumeentzat autodefentsa digitala, Telesforo Aranzadi, CO2, Eraldaketa digitala eta beste.

-Escape Room Teknologikoa.

-Artea eta zientzia uztartzeko ikastaroa.

-Barnetegi teknologikoa.

-EHUko Ilustrazio zientifikoko berezko titulazio lanen erakusketa Aroztegin, urriak 29tik azaroak 15era.

Hain zuzen ere, Aroztegin jarriko dugun erakusketaren inaugurazioarekin emango zaie hasiera ofiziala ZTBren 2020ko jardunaldiei.

Ikusi egitarau osoa hemen: ztb_esku_orria20201.pdf